Xabat Maiotz segurarra Euskadiko txapeldun, Mungiako Lau Haizetara mendi lasterketan
Goierri Garaia taldeko hiru kidek osatu dituzte Mungiako podiumaren lehen hiru postuak.
Xabat Maiotz segurarra, igandean Mungiako Lau Haizetara mendi lasterketan. Xabat Maiotzek utzita. Igandean jokatu zen Mungian Lau Haizetara mendi lasterketaren 5. edizioa, Euskadiko Atletismo Federazioaren Euskadiko txapelketa ere bazena. Xabat Maiotz segurarrak irabazi zuen 26 kilometroko lasterketa luzea, —beste bi ere baziren aukeran, 12 kilometrokoa eta 7 kilometrokoa—; eta ondorioz Euskadiko txapeldun titulua ere bereganatu du.
Maiotz Goierri Garaia atletismo taldearekin joan zen Mungiara eta 2:04:36ko denbora behar izan zuen ibilbidea osatzeko. Pusketa atera zien bigarren eta hirugarren sailkatuei, +4:18 Imanol Inza Gisasola zumarragarrari eta +9:47 Ivan Sanjuan Arrieta zegamarrari. Hiruak taldekideak.
Hasi berria
Maiotzek 26 urte ditu eta orain dela 4 urte hasi zen korrika lagunekin. Hala ere, mundu honetan “berria” dela dio, orain urte bete ekin baitzion “serio” mendian lasterka egiteari. “Oso gustura” dago Mungian lortutako garaipenarekin, besteren artean “lehenego garaipena” duelako. “Gaur egun asko kostatzen da irabaztea eta oso gustura nago”, esan du.













