Dolu perinatala lantzeko zerbitzua jarriko du martxan Legazpiko Udalak
Gipuzkoan oso herri gutxitan dago antzeko zerbitzua. Astelehenean aurkeztuko dute, 12:00etan, hilerrian dagoen ZU memoria gunean.
Haurdunaldi garaiko eta jaioberrien heriotza ikustarazteko konpromisoarekin jarraituz, Legazpiko Udalak zerbitzu berri bat jarriko du martxan laster. Dolu perinatalerako laguntza profesionala eskainiko duen zerbitzua izango da, eta datorren astelehenean, hilak 23, aurkeztuko dute, 12:00etan, hilerrian dagoen Zu memoria gunean.
Zerbitzuak galera horien inguruko tabu soziala hausteko beharrari erantzuten die, eta babes emozionala eskainiko die haurdunaldiko, erditzeko edo erditu ondoko edozein etapatan seme-alaba baten heriotza jasan dutenei. Haurdunaldia eten dutenentzat edo ume bilatzeko prozesuan huts egindakoentzat ere izango da zerbitzua.
Psikologo espezializatu batek gidatuko du zerbitzua, hilean bi orduko talde saioetan oinarrituta. Gehienez 10 laguneko taldeak izango dira.
Udalak hartuko du bere gain zerbitzuaren kostu osoa. Oso gutxi dira Gipuzkoan horrelako zerbitzuak.













