Rodriguez joan, eta ziza etorri
Landare eta lore eskaintza zabaltzen doa astetik astera, udaberriari ongi etorria emateko.
Batzuk joan, eta besteak etorri. Horrelakoa izaten da ia asterokoa Ordiziako azokan, gaur bezala. Udaberriko zizak denboraldi berria hastearekin batera, Luis Rodriguez Feloaga betiko agurtu da feriatik, oliba saltzaile lanetik jubilatu egin delako.
Horixe izan du lanbidea Rodriguezek 14 urte zituenetik. 1950eko hamarkadetan azokaz azoka olibak eta ozpinetakoak, fruitu lehorrak eta gozokiak saltzen hasi ziren Simon eta Mari Cruz aita-amarekin hasi zen lanean, eta gaur arte. Bide luze honetan Victoria eta Mari Cruz arrebak izan ditu lankide, eta bereziki Antonio anaia eta haren emazte Lourdes Usabiaga. Guztientzako hitzak izan ditu saltzaile ordiziarrak gaur goizean, bere agurrean.
Agur xumea izan da. Bezeroak hurbildu zaizkio eskerrak ematera, eta berak ere eskerrak eman dizkie urteetako fideltasunagatik. Hain zuzen, horixe izan omen da bere lan ibilbidetik onena, bezeroak, eta okerrena, hainbatetan pasatu duen hotza. Ordizian agurtu aurretik, Legazpin ere agurtu zen joan den ostiralean, eta asteartean Villabonakoan. Hemendik aurrera hutsunea geratuko da Plaza Nagusiko goi aldean, Cuesta dendaren parean.
Udaberriko zizak, landareak eta loreak
Rodriguezen agurrarekin batera, udaberriko ziza izan da gaurko izarra ferian. Urteko lehen aleak aurkeztu ditu Miren Pagolak goizean goiz Mikel Lasaren postuan. Goierri inguruan bildutakoak zirela azaldu du, «baina oraindik gutxi dago». Hala da, gutxi ziren, 450 gramo eskas, eta kiloa 150 euroan jarri du salgai. Eta saldu ere bai, di-da batean. Jendea esperoan da nonbait.
Eta jendea eguraldi onari begira jarrita dago, barazki-landare saltzaileen postuetan hasitako mugimenduari erreparatuz gero. Postu hauek denetik dute dagoneko, eta iritsi diren azkenak hauek dira: luzokerra eta kuiatxoa (euro bat), Jack tomate txertatua (2-2,30 €), leka (0,30€), eskarola (0,20 €), perrexila (0,10 €), ziazerba (0,15 €), zerba (0,20 €), orburua (euro bat), aza lisoa eta kixkurra (0,15 €), eta azalorea eta brokolia (0,20 €).
Loreen eskaintza ere zabalduz doa udaberria gerturatzearekin batera, eta Azanza geranio mota gehiago eskaintzen hasia da. Hala, geranio arruntarekin batera, geranio huntza eta francesita geranioa ere baditu aukeran, 2,90 euroan, eta hauek baino lora ikusgarriagoa eta handiagoa duen eta pentsamendu geranioa ere bai, honako hau 6,5 euroan.
Ikasleen bisitak
Gaur, amaitzeko, ikasle gaztetxoak izan dira bisitan ferian, D’Elikatuz zentroko gidarien laguntzarekin. Talde bat Antzuolako Herri ikastetxeko LH-3. mailako ikasleena izan da, eta bestea, Errenteriako Tellerialde ikastetxeko DBH2-koena.














