Legazpiko erraldoiak, iraganari begira
Konpartsako kideak erraldoien historiari tiraka hasi dira, eta 1948ra arte iritsi dira. Berriagoak diren Antton eta Anttoniren historia ere jaso dute, eta ikusgai jarri dute Ekonomatuan duten lokalean.
Antton eta Anttoni erdian, aspaldiko irudi batean.
Ekonomatu zaharreko leiho handiak estalita daude azken asteetan. Barruan gordetzen dituzten erraldoiak maiatzeko Santikutz jaietarako prestatzen ari dira konpartsako kideak. Sorpresak iragarri dituzte data horietarako.
Bitartean, bi erraldoi bakarrik daude ikusgai haurrek hainbeste bisitatzen dituzten erakusleiho horietan. Antton eta Anttoni dira, eta kristalera itsatsitako hainbat kartelez inguratuta daude. Bikotearen historia jasotzen duen azalpen txikia, eta garai bateko argazkia agertzen dira kartel horietako batean.
Antton eta Anttoni baserritarrak 1986ean sortutako erraldoiak dira, eta Jose Ignazio Urbieta izan zen egilea. Anttonek 29 kilo pisatzen ditu, eta Anttonik 26 kilo. Konpartsako kideek bi erraldoi hauek lehen aldiz nork eraman zituen ere jakitea lortu du: Iñaki Segurola eta Iñaki Leizeaga Kaki izan ziren.
Antton eta Anttonekin egin duten bezala, konpartsako beste erraldoien inguruko datuak ere kaleratzen joango dira datozen asteetan.
Konpartsaren historian arakatzen hasita daude, eta 80 urte atzera egitea lortu dute.
Konpartsak 80 urte
Iker Zeberio konpartsakidea da erraldoien historia jasotzen ari denetako bat. Azaldu duenez, konpartsak 60 urte inguru zituela jakin zuten, eta datu horri tiraka, 1948raino iritsi ziren. «Txoko tabernan, aspaldiko jai egitarau bat zutela esan ziguten, eta programa hura eskuratu genuen. Han, bitan agertzen ziren erraldoiak eta buruhandiak: maiatzaren 2ko goizean, jaietako lehen egunean, eta maiatzaren 4ko eguerdian». Beraz, «datorren urtean minimo 80 urte egingo ditu konpartsak».
«Erraldoien konpartsari buruz gauza gutxi genekien, eta bere historia berreskuratuta, merezi duten balioa aitortu nahi diegu»
Iker Zeberio. Konpartsakidea
Horrelako datuak, eta gehiago jaso dituzte, eta oraindik peskizan jarraitzen dute. «Erraldoien konpartsari buruz gauza gutxi genekien, eta bere historia berreskuratuta, merezi duten balioa aitortu nahi diegu».
Biltzen ari diren informazioa taldearen barruko artxiboan gordeko dute momentuz, baina aurrerago liburu bat kaleratzeko asmoa dute.
Materiala salgai
Gaurko konpartsako beste bikote batek sona handia lortu zuen errepika txikiak egin eta saldu zituztenean. Bruno eta Pakita dira, eta duela urte batzuk salgai jarritako panpinek arrakasta handia izan zuten. Orain sorta berri bat kaleratu dute, eta bi erraldoi txiki horiek salgai daude berriz ere, 50 euroan bikotea.
Konpartsak bestelako materiala ere saltzen du: txapelak 5 euroan, txapak 1,5 euroan, zapiak 3 euroan eta haurrentzako kamisetak, 15 euroan.
Panpinak edo bestelako materiala erosteko, konpartsako kideren batekin jarri behar da harremanetan.
Gaztetxoei deialdia
Antton eta Anttonirekin batera, Mikel eta Mikelek, Bruno eta Pakitak, eta Irati, Gurutz, Katamalo eta Lintx txikiek osatzen dute konpartsa.
Erraldoi txiki horiei begira, konpartsak deialdia egin die Lehen Hezkuntzako 6. mailako eta DBHko lehen mailako ikasleei. «Ezinbestekoa da belaunaldi berrien parte-hartzea, herriko tradizio honi jarraipena emateko», esan dute. Probatu nahi dutenek, larunbat honetan 16:00etan Ekonomatuan azaldu besterik ez dute egin behar.

Legazpiko erraldoi handiak, eta Antton eta Anttoni erdian.














