Nafarrek irabazi dute aizkora apustua
Jon Erdozia eta Aritz Oiarbide etxarriarrek Unai Etxeberria Osinalde ezkiotarrak eta Igoin Pikabea ereñotzuarrak baino lehenago bukatu dute aizkora lana. Elkarri botatako desafioan 4.000 euro zituzten jokoan. Zumarragako Beloki pilotalekua lepo bete da.
Jon Erdozia eta Aritz Oiarbide lehengusu etxarriarrek irabazi dute Unai Etxeberria ‘Osinalde’ ezkiotarraren eta Igoin Pikabea ereñotzuarraren aurkako aizkora desafioa. Aizkolariek 18:00etan zuten hitzordua Zumarragako Beloki pilotalekuan, eta enborrak mozten hasi eta 41 minutu pasatxora amaitu dute aizkora lana.
Pilotalekua lepo bete da aizkora desafio honen kontura, eta harmailetan ikaragarria izan da giroa, bikote baten aldekoen zein bestekoen txalo, kantu eta algarekin.
Desafioan mahai gainean jarritako 4.000 euroak irabazi dituzte nafarrek. Ia hasieratik joan dira aurretik, eta aurkariak baino ia bi minutu lehenago amaitu dute azken enborraren lana. Erdoziak eta Oiarbidek 30’00”27-ko denbora egin dute hogei kanaerdiko ebakitzen, eta Osinaldek eta Pikabeak 41’00”43-koa.













