Goierrin erabaki dira emakumeen Binakako Pilota txapelketarako finalistak
Beasainen eta Legazpin jokatu dira lehen mailako finalerdiak asteburuan. Iturriaga-Orbegozo eta Oskoz-Arrastia bikoteek osatuko dute ostiralean Azpeitian jokatuko den finalaren kartela
Legazpiko finalerdiak, Urbeltz pilotalekuan.Legazpiko Udala/Gorka Gomez Beasainen eta Legazpin erabaki dira asteburuan Ados Pilotaren Emakumeen Binakako pilota txapelketaren finalistak nortzuk izango diren. Lehen mailan, Iturriaga-Orbegozo eta Oskoz-Arrastia bikoteek osatuko dute ostiralean Azpeitian jokatuko den finalaren kartela. Promozio mailan, berriz, Arruti-Alberro eta Sagardui-Etxeberria izango dira finalistak.
Beasaingo partidak larunbat arratsaldean jokatu zituzten, Antzizar pilotalekuan, eta Legazpikoak, igande arratsaldean, Urbeltz pilotaleku berritua aurkezteko ekitaldiaren baitan.
«Maila handiko lehia»
Ados Pilota klubeko arduradunek adierazi dutenez, Beasaingo zein Legazpiko jardunaldietan «maila handiko lehia» izan da, eta «berriz ere agerian jarri dute emakumezkoen pilotak bizi duen une ona».
Txapelketaren lehen mailako Beasaingo finalerdian Iturriaga-Orbegozo eta Mujika-Ruiz de Larramendi neurtu ziren, eta 22-8ko emaitzarekin gailendu zen gorriz jantzitako lehen bikotea, «hasierako oreka hautsi eta neurketaren kontrola bereganatu ostean». Defentsan «sendo» eta erasoan «eraginkor», gorriak izan ziren nagusi partida osoan zehar. Iturriagak markatu zuen jokoaren erritmoa, eta Orbegozok «sendotasuna» erakutsi zuen atzealdean.
Finalerako bigarren bikoa zein izango den Legazpin erabaki zen. Bertan neurtu ziren Oskoz-Arrastia eta Barrokal-Perez, eta bigarren bikote hau faborito bazen ere, galdu egin zuen eta ez zuen lortu finalerako txartela. Partida 17-22 amaitu zen, urdinez jantzitako Oskoz-Arrastiaren alde. Hasieran Barrokal-Perez bikotea «sendoago» aritu zen, baina partidaren erditik aurrera Oskoz-Arrastia bikoteak «koska bat gora» egin zuen, Arrastiak atzean «sekulako lanean» arituz, eta Oskozek «tanto bikainak eginez».
Promozio mailako finalerdietako bat ere jokatu zen Beasainen larunbatean, Iriarte-Ernaga eta Sagardui-Etxeberria bikoteen artean. 12-22 irabazita, Sagardui-Etxeberria sailkatu ziren finalerako, eta aurretik sailkatuta zeuden Arruti-Alberro izango dituzte aurkari Azpeitiko finalean.
Pilotari gazteen partidak
Legazpiko finalerdiek izan zuten bestelako protagonistak ere, oraintxe berritu duten Urbeltz pilotalekua aurkezteko, udalak ekitaldi berezi bat antolatu zuelako. Hala, herriko eta inguruko pilota eskoletako neska pilotariak gonbidatu zituen, eta partida nagusien aurretik, elkarren kontra jarri zuten jokoan lau bikote.
Alaitz Irastorza-Maddi Ibarguren eta Alaia Elustondo- L. Zubeldia neurtuko dira lehenik, eta A. Etxeberria-A. Aranburu eta N. Salaberria-I. Saralegi ondoren.














