Janari bilketa "erraldoia" egingo du Hotz Legazpik larunbatean
Herriko ikastetxeetan 'Ikasle bat, kilo bat' kanpaina dago martxan gaurtik, ostiralera arte. Bildutako elikagaiak Greziako Lesbos uharteko errefuxiatuen kanpalekuetara bidaliko dituzte, Zaporeak elkartearekin batera.
Hotz Legazpi elkarteko boluntarioak, duela bi urte egindako janari bilketan. Legazpiarren elkartasunari deia egin dio berriz ere Hotz Legazpi elkarteak, “janari bilketa erraldoia” antolatuta. Astean zehar Ikasle bat, kilo bat kanpaina gauzatuko du herriko ikastetxeetan, eta larunbatean., hilak 28, Azokan bilduko dituzte eskatutako produktuak.
Arroz luzea, pasta, olioa,arrain kontserbak eta babarrun eta garbantzu lehorrak behar dituzte oraingoan, eta Greziako Lesbos uhartean bizi diren errefuxiatuei bidaliko dizkiete bildutako produktuak, Zaporeak elkartearen bitartez.
Ikasle bat, kilo bat kanpaina gaur bertan hasiko da, eta ostiralera arte luzatuko da Haztegi ikastolan zein Olamendi ikastetxeetan.
Azokako larunbateko bilketa, berriz, 09:30etik 14:00etara egingo dute, eta bertara joan ezin dutenek aukera izango dute kanpainarekin laguntzeko Hegialdeko Eroskin eta BM dendan gaurtik larunbatera arte jarrita egongo diren karroekin.













