Aitor Casadok eta Mar Torrijosek Armeniara eta Georgiara egindako bidaia erakutsiko dute
'Kaukaso, Europa eta Asiaren arteko muga' ikus-entzunezkoa aurkeztuko dute bidaiariek ostiralean, Legazpiko Kultur Etxean.
Mar Torrijos eta Aitor Casado, Armeniara eta Georgiara egindako bidaian. Aitor Casadok eta Mar Torrijosek egin duten azken bidaia erakutsiko dute ostiralean, martxoaren 27an eskainiko duten ikus-entzunezkoan. Armenian eta Caucason egon ziren, eta bi herrialde horietaz sakon hitz eta gero, Europa eta Asiaren arteko muga izenburuko lana proiektatuko dute. Legazpiko Kultur Etxean izango da hitzordua, 19:00etan.
Georgiara eta Armeniara bidaiatzea Kaukasora sartzea dela azaldu dute bi bidaiariek. Europa eta Asiaren artean kokatutako eskualdea da Kaukaso, eta “bertan paisaia eta historia etengabe elkarrekin lotzen dira”.
Georgia bi gauzengatik nabarmentzen direla zehaztu dute: “Bere izaera menditsuagatik eta Sobietar Batasunaren erorketak ekarri zituen gatazkak eta eraldaketa azkarrak”. Azaldu dutenez, “Tbilisik arkitektura modernoa, auzo zaharrak eta aztarna sobietarrak uztartzen ditu; Tskaltubo edo Gori bezalako lekuek, berriz, iragan sobietarraren distira eta kontraesanak ulertzen laguntzen dute”. Horri guztiari “ardoaren kultura milenarioa eta arrokan zulatutako hiriak bezalako gune bereziak” gehitzen zaizkio.
Svanetia eskualde urrunera bidaiatzea beti izan da Casadoren ametsetako bat, eta aurreratu dutenez, “leku honek publikoa harrituko du: bere mendi erraldoiekin, defentsarako dorre bereziekin eta hain bestelako ohiturekin.”
Armeniak, bestalde, “kontraste nabarmena” eskaintzen du, “paisaia lehorragoekin eta pisu historiko eta erlijioso oso markatuarekin. Kristautasuna hartu zuen lehen herrialdetzat jotzen da, eta bere lurraldea eliza eta monasterioz josita dago. Hiriburutik, Erevandik, Turkiako mugetaraino, Ararat mendia ageri da zerumugan, ikur nazional eta emozional gisa”.
Ohi bezala, Casadok eta Torrijosek argazki ugari egin zituzten bidaian, eta horiekin eta bisitatutako lekuetako musikekin osatu dute ikus-entzunezkoa.













