Dolu perinatala lantzeko zerbitzua apirilean jarriko du martxan Legazpiko Udalak
Virginia Marcos psikologo eta psikoterapeutak gidatuko ditu saioak. Doakoak dira, baina izena eman beharko da. Atzo aurkeztu zuen zerbitzua, Eric Galvez alkatearekin batera, hilerriko Zu memoria gunean.
Virginia Marcos psikologoa eta Eric Galvez alkatea, zerbitzu berriaren aurkezpenean, hilerriko Zu memoria gunean.Tere Madinabeitia Dolu perinatala lantzeko zerbitzua jarriko du martxan apirilean Udalak. Doakoa da, eta haurdunaldian, erditzen edo jaio berritan haurra galdu duten herriko familiei zuzenduta dago. Virginia Marcos psikologo eta psikoterapeutak gidatuko du zerbitzua, Gipuzkoan oso herri gutxitan eskaintzen dena.
Marcosek berak aurkeztu zuen atzo zerbitzua, Eric Galvez alkateak lagunduta. Sinbolismoz beteriko Zu memoria gunea aukeratu zuten. Hilerrian joan den urteko maiatzean eraiki zuten gune bat da, hildako haur guztiak gogoratzen dituena.
Esku Hutsik, 2023tik
Legazpiko Udalak Esku Hutsik elkartearekin duen harremanaren eta lankidetzaren pauso berri bat da dolu perinatala lantzeko zerbitzua. Galvez alkateak gogora ekarri zuen lankidetza horren sorrera: «2023. urtean, Zumarragako ospitaleko emagin den Jone Otamendik eman zidan errealitate honen berri. Esan zidan bazeudela jaio aurretik, jaiotzean edo jaio eta gutxira haurra galtzen zuten familiak, eta askok egoera hori ia isilpean, anonimotasunean eta era barrenkoian bizi behar izaten zutela. Horren aurrean ikusi genuen gaia landu beharra genuela, eta tabu horiek gainditzen lagundu behar genuela».
Otamendiren bitartez, udala gai horietaz arduratzen den Esku Hutsik elkartearekin jarri zen harremanetan eta ordutik, hainbat jarduera egin dituzte elkarlanean. 2023an gaiaren inguruan sentsibilizatzeko hitzaldiak egin zituzten, eta iaz Zu memoria gunea eraiki zuten, Juan Mari Burguerak dohaintzan emandako eskulturarekin. «Aurten, pauso berria eman dugu, eta galera perinatala jasandako familiek bere baitan biltzeko eta bere emozioak adierazteko gune bat jarriko dugu martxan».
Atzoko aurkezpenean, alkateak eskerrak eman zizkion Esku Hutsik elkarteari, «egunero egiten duen lanarengatik», eta «ezbehar hauek bizi izan dituzten familiei babes osoa» adierazi zien, dolua lantzeko saioetara joateko gonbidapena luzatzearekin batera.
Dolua lantzeko zerbitzua
Virginia Marcosek gidatuta, dolu perinatalari laguntzeko taldea Gizarte Zentroko gela batean bilduko da, apirilaren 14an, maiatzaren 12an, ekainaren 16an, uztailaren 14an, irailaren 15ean, urriaren 13an, azaroaren 10ean eta abenduaren 15ean, 17:45etik 19:45era. Doako zerbitzua izango da, baina izena eman beharko da eskuhutsik@gmail.com helbidean edo 722 822 039 telefono zenbakian. Hamar pertsonentzako tokia izango da.
«Herrian, gizartean dagoen behar inportante bati» erantzutera datorren zerbitzua da, Marcosek azaldu zuenez, eta gogoratu zuen gaia ikusarazten denbora bat daramaten arren, «asko dago oraindik egiteko». Bestalde, nabarmendu zuen dolu perinatalaren prozesua pasatzen ari diren familiek Gipuzkoan leku gutxitan dutela eskura Legazpin martxan jarriko duten bezalako zerbitzua. Horregatik eskerrak eman zizkion udalari «gai honen inguruan hitz egiteko aukera emateagatik, eta espazioa uzteagatik».
Dolu perinatalari buruz hitz egiteko beharra dagoela esan zuen, eta familiek horretarako aukera izango dutela taldeetan: «Sentimenduak partekatzeko izango dira, besteekin identifikatzeko guneak, hitz egiteko, konfiantzazko giroa izango dutenak, epairik gabeak… Taldean hitz egitea oso baliagarria da, elkarren artean konpartitzea».
Familiei daude zuzenduta saioak, gizonei zein emakumeei.













