Haurren eta gaztetxoen danborradak partaide gehiago behar ditu
Santikutz jaietako maiatzaren 12eko ekitaldi horretan parte hartzeko apirilaren 1era arte eman daiteke izena.
Iazko danborradako partaideetako batzuk.Tere Madinabeitia Santikutz jaietan maiatzaren 1eko arratsaldean egingo den haurren eta gaztetxoen danborradarako partaide gehiago behar dira. Antolatzaileek dei berezia egiten diete Lehen Hezkuntzako azken ikasturteetako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen mailetako ikasleei, eta haien gurasoei.
Parte hartu nahi dutenek apirilaren 1era arteko epea dute izena emateko. Horretarako, udalaren www.legazpi.eus webgunera jo beharko dute, edo ikastetxeetako idazkaritzara.
Entseguak apirilean hasiko dira, Aste Santuko oporraldiaren ostean.
Haurren eta gaztetxoen danborrada jaietan tradizio handia duen ekitaldia da. Ia herri osoa zeharkatzen du maiatzaren 1eko arratsaldean, Laubiden hasi eta Euskal Herriko plazaraino. Bidean geldialdia egiten du Santikutz egoitzaren atarian. Danbor eta upel konpainiekin batera, zaldi gainean joaten dira kantinera nagusiak eta kapitainak ere parte hartzen dute desfilean, eta azken urteetan baita korporazio txikia ere. Legazpi Musika Bandako kideak arduratzen dira musikaz.













