Legazpiko Katilu, Zumarragako Alameda eta Ataungo Urbitarte, Repsol gida gastronomikoaren Solete edo 'Eguzkitxo' berriak
Gida gastronomikoak ematen dituen izendapenak dira, eta "une atseginak igarotzeko eta sukaldeaz gozatzeko tokiak" dira.
Legazpiko Katilu taberna Repsol gida gastronomiko ospetsuak hiru lokal gehiago erantsi ditu Goierriko Solete edo ‘Eguzkitxo’ marka dutenen zerrendara. Legazpiko Katilu taberna-jatetxea, Zumarragako Alameda taberna eta Ataungo Urbitarte sagardotegia dira. Astelehenean jaso zuten izendapen edo sari hori, Repsolek Tarragonan (Herrialde Katalanak) ospatutako galan.
“Txiringitoak eta terrazak, kafetegiak, izozki dendak, tabernak eta barrak, ardotegiak, upategiak, sagardotegiak, hanburgeseriak, bokatak saltzen dituzten lokalak, pizzeriak, karta informala duen jatetxeak edo eguneko oso menu ona ematen duten tokiak”. Horiek guztiak sartzen dira Repsolen Solete edo Eguzkitxo ikurra duten lokalen artean. “Une atseginak igarotzeko eta sukaldeaz gozatzeko tokiak” dira.
Goierrin badira aurretik Solete edo Eguzkitxo marka duten establezimenduak, Ordiziako Martinez eta Olano, Olaberriko Zezilionea, Urretxuko Ezkurra, Lazkaoko Itxurrene edo Beasaingo Mandubiko Benta, besteak beste.













