Tabakoa eta nikotina kontsumitzeko gailuei buruzko hitzaldia, asteazkenean
Legazpiko Kultur Etxean izango da, 18:00etan, eta hizlaria Minbiziaren aurkako Gipuzkoako elkarteko osasun eta hezkuntza arloko psikologoa den Laura Mongelos izango da. Herritar guztiei dago zuzenduta.
Tabakoa eta nikotina kontsumitzeko gailu berriei buruzko hitzaldia egingo dute bihar asteazkena Legazpiko Kultur Etxean, 18:00etan. Minbiziaren aurkako Gipuzkoako elkarteko osasun eta hezkuntza arloko psikologoa den Laura Mongelos izango da hizlaria.
Hitzaldia nerabeen gurasoei eta, oro har, herritarrei zuzenduta dago. Produktu berriak erabiltzeak osasunerako dakartzan arriskuei buruz sentsibilizatzea du helburu. Hala, lurrungailuei eta errekuntza baxuko tabakoari buruz hitz egingo du Mongelosek. Moda kaltegabe eta erakargarri gisa bizi den jokabide baten arrisku pertzepzioa areagotu nahi du. Gazteen artean geroz eta ohikoagoak diren kaltegabetasun sentsazioaz eta beste konbentzionalismo sozial batzuei buruz, ‘postureoa’-z, moda edo talde edo kuadrilla bateko kide izatearen sentimenduaz hitz egingo du horretarako.
Jarduera honekin batera, martxoan zehar DBHko 1. mailako ikasleekin lurruna hartzeari buruzko saioak egin dituzte ikastetxeetan, Legazpiko nerabeen eremu komunitarioan esku hartzeko programaren barruan. Programa honek, besteak beste, nerabeen artean ohitura eta portaera osasungarriak sustatzea du helburu. Hori gauzatzeko, sistema desberdinen arteko koordinazioa behar da, eta, horretarako, Goierri-Urola Garaiko ESIa, osasun-zentroa, minbiziaren aurkako elkartea, ikastetxeak eta Legazpiko Udala inplikatzen dira antolaketan.













