Urbeltz pilotalekua, ekitaldi ugariren lekuko 2003tik
Legazpiko pilotalekua 2003ko maiatzaren 3an inauguratu zuten, eta pilota partidak hartzeaz gain, era askotako ekitaldi eta jarduera egin dira bertan.
Instalazio «modernoago eta erosoago bat» eskaintzeko helburuz, berritze eta hobekuntza lanak egin ditu Legazpiko Udalak Urbeltz pilotalekuan. Pintura lanak egin dituzte «espazioari itxura berritua eta zainduagoa» emateko, eta argiztapen sistema ere berritu dute, LED argiak jarrita, eraginkortasun energetikoa handitzeko eta argiztapena hobetzeko.
Lanak otsailaren 23an hasi eta bukatu arte pilotalekua itxita egon da, asteburuetan izan ezik. Herri mailako pilota txapelketako partidak jokatu ahal izan dituzte horrela.
2003tik irekita
Urbeltz pilotalekua 2003ko maiatzaren 3an inauguratu zuten, Santikutz jaietan, pilota jaialdi handi batekin. Sustraiak taldeko bi dantzarik aurreskua egin zuten, Juan Ramon Larrañaga alkateak zinta moztu zuen, eta Tomas Madinabeitia parrokoak instalazio berria bedeinkatu zuen. Nagore-Laskurain eta Xala-Imaz bikoteek jokatu zuten lehenik, eta 9-22 amaitu zen partida bigarrenen alde. Ondoren Titin-Rai eta Mikel Goñi-Lasa III.a neurtu ziren, eta 22-14 irabazi zuten lehenek. Behin-behineko inaugurazioa izan zen, pilotalekua ez zutelako berriz ireki udazkenean inguruko urbanizazioko lanak amaitu ziren arte, plaza, aparkalekua eta Azokakoak, hain zuzen.
Pilotalekuak 488 eserleku, bi aldagela, komunak goian eta behean eta biltegi bat ditu, baita taberna bat ere. Hogeitik gorako ibilbidean makina bat funtzio izan ditu, pilota partidak eta pilota eskolaren jarduna hartzeaz gain. Hala, dantza eta musika jaialdi ugari hartu ditu, baita garagardo festak, Rubick kuboaren txapelketak, judo eta xake txapelketak, sindikatu eta hainbat elkarteren bilerak, etxebizitza tasatuen zozketak, danborradak, inauteri jaialdiak, edo Gabonetako haurrentzako parkea ere, besteak beste.













