Apirilaren 8an ospatuko da Artzain Eguna Ordizian
Idiazabal gazta berria, Hondarribiko Alameda jatetxeko Gorka Txapartegik ebakiko du. Ordiziako Azokaren urteko lehen azoka berezia izango da.
Apirilaren 8ko Artzain Eguna aurkeztu dute gaur Ordizian.Loinaz Agirre. Apirilaren 8a, asteazkena, egun handia izango da Ordizian. Asteazkeneroko ohiko azokarekin batera, urteko lehen azoka berezia, Artzain Eguna, egingo baitita. Egun horretan ohikoa izaten den bezala, transhumantzia irudikatu eta artzainen lana balioan jartzeko helburuarekin, 1.500 ardi inguruk, 5 artaldetan banatuta, herrigunea igaroko dute, 11:00ak aldera.
Gaur goizean egin dute Artzain Egunaren aurkezpena. Adur Ezenarro Ordiziako alkateak aurkezpenean adierazi duenez, “egun honek, gure herria eta azoka zuzenean lotzen ditu hainbeste zor diogun Idiazabal gaztarekin”.
Ezenarrok argi du, “artzainik gabe ez genuke gaztarik, baina esnerik gabe ere ez. Horregatik, eguneko benetako protagonista latxa ardia izango da berriro ere. Une batez azoka gelditu egingo da, eta artaldeek Ordiziako Kale Nagusia zeharkatuko dute, gu guztioi adierazteko laster Aralar eta Aizkorri mendilerroetara igoko direla”.
Era horretan, alkatearen esanetan, “urtean behin berritzen dugun erritu honek gure nortasuna eta tradizioa gogorarazten dizkigu, eta erakusten digu Idiazabal gazta zatitxo bat dastatzen dugun bakoitzean gure lurraldearen, historiaren, naturaren eta ondarearen zati bat daramagula gurekin”.
Gorka Txapartegik
Bestalde, Artzain Egunean, Idiazabal gazta berriaren aurkezpena ere egingo dute Udaletxeko batzar aretoan. Hondarribiako Alameda jatetxeko Gorka Txapartegik ebakiko du. Ekitaldi berean, Jose Ramon Agiriano ostalari eta gastronomoa omenduko du Idiazabal Jatorri Izendapenaren Kontseilu Arautzaileak, “Idiazabal Gazta jende askori gerturatu eta bere sustapenean egiten duen lanagatik”.
Erregulartasun-kalitate sariak ere emango ditu udaletxeko ekitaldian Idiazabal Jatorri Izendapena. Artzain gazta kategoriari dagokiona, Segurako Ondarreko Eneko Goiburu artzainak jasoko du du, eta gaztandegien kategorian, Olaztiko (Nafarroa) Quesos La Vasco Navarrak.
Idiazabal Jatorri Izendapeneko gerente Miriam Molinak emandako datuen arabera, gaur egun 108 gaztandegi daude Idiazabal Jatorri Izendapenean atxikita. Banaketa geografikoari dagokionez, 18 Araban daude, 11 Bizkaian, 49 Gipuzkoan eta 30 Nafarroan.
Ekoizpen datuei dagokienez, 2025ean ekoitzitako Idiazabal gazta kopurua %9,4 handiagoa izan da 2024koarekin alderatuta, “sektorearen indarra eta gaztaren kalitatearen inguruko interesa mantentzen direla erakutsiz”.
Garraio publikoa erabiltzeko deia
Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak ere hartu du parte Artzain Egunaren aurekezpenean. Dominguezek argi du, “Artzain Eguna bizitzan behin gutxienez bizi beharreko hitzordu horietako bat” dela.
“Aldunditik Gipuzkoa sustatzen dugunean, askotan azpimarratzen dugu hau deskubritu beharreko lurraldea dela; esploratu, sentitu eta esperimentatu beharrekoa. Eta Artzain Egunak hori guztia eskaintzen digu. Argi eta garbi erakusten du Gipuzkoan natura, kultura, tradizioa eta benetakotasuna uztartzen jakin dugula, gure etxea, gure lurra, nortasun eta kontakizun propioa duen helmuga turistiko bihurtzeko: bakarra, berezia eta parekorik gabea”, azaldu du.
Diputatuak apirilaren 8an Ordiziara joateko garraio publikoa erabitltzeko deia egin du. Izan ere, “iraunkorra eta erosoa izateaz gain, ez dut zalantzarik ordiziarrek ere eskertuko dutela”.
Artzain Eguneko egitaraua
- 00:00. Ahari eta ardien erakusketa-lehiaketa Garagartza plazan.
- Eusko Labela duten esne bildotsak burruntzi eran erreketa Garagartza Plazan.
- 10:00-14:00. Nikolas Lekuona Plazan: haurrentzat ‘Artzainen herri kirolak’ jolasak. Ingurune horretan Artzain Gazta Elkarteko artzain eta Idiazabal Gazta ekoizleen salmenta postuak kokatuko dira.
- 11:00. Artaldeak igaroko dira herrigunean.
- 11:15. Idiazabal gaztaren denboraldi berriaren aurkezpen ofiziala, Udaletxeko Batzar aretoan.
- 11:30. Mamia egitearen erakustaldia Garagartza plazan.
- 11:30. Eusko Labela duten burruntzian erretako esne bildotsen dastatzea, Garagartza plazan, Aspanogiren, Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkartearen, alde.
- 12:15. Ile-mozte erakustaldia, Garagartza Plazan.
- Goizean asteroko ohiko feria egingo da, gazta-salmentarako eta Goierriko artisautza produktuen saltokiak ere jarriko dira. Trikitilariek eta dultzaina-joleek alaituko dute herria.












