Baba eta tipulin gorria, Erramu igandearen atarian
Erramu adarrak ere salgai izan dira gaur, igandeko bedeinkapenei begira. Kanpoko produktuen artean, zainzuria izan da protagonista. Bisitari ugari izan dira gaurko ferian.
Santu eta eliza kontuek agindu dute beste behin Ordiziako azokan, eta Erramu igandea badatorrela iragarri du gaur erramu adarrak eskainita. Martxoko azken feria honek eta udaberriko lehenak utzi ditu bestelako berritasunak ere, babarekin eta tipulin gorriarekin. Lore berriak ere iritsi dira.
Gizartea ez dela lehen bezain erlijiosoa argi dago, baina badira ohitura batzuk oraindik jendearengan bizirik irauten dutenak. Erramu igandean mezatan erramu adarrak bedeinkatzearena da bat, eta hori mantentzen dutenei zuzenduta, feriak eskaini ditu adar horiek. Itsasoko Maria Jesus Oriak eta Aramako Miren Jauregi eta Jaione Irazusta ama-alabek izan dituzte salgai, euro batetik hasi eta 5 eurora arte, tamainaren arabera.
Babak, eta ilar gehiago
Bi aramar hauek aurkeztu dute eguneko beste berritasuna ere, baba. Aire librekoa dela azaldu dute, eta kiloa 8 euroan jarri dute salgai. Ondoan ilarrak ere izan dituzte gaur, bi mota desberdin gainera. Duela aste pare bat Maravilla izenekoa jarri zuten salgai, eta gaur Lincoln izenekoa ere bazuten, tamaina eta itxura oso desberdinekoa. Ilar kiloa 14 euroan dago.
Baba freskoak ziren Aramakoak, baina lehorrak ere badaude aukeran ferian. Mikel Lasaren postuan zituzten salgai. Baba txikiak dira, Arabakoak, eta kiloa 6 euroan dago.
Monteseko Arantxa Iparragirrek, bestalde, tipulin gorria aurkeztu du, eta sorta 2 euroan jarri du salgai.
Loreak eta zainzuriak
Loreen atalean, lobelia (1,5 euro), eta begonia arrunta (1,5 euro) eta dragoi begonia 4,5 euro) aurkeztu dituzte. Astetik astera ari dira lore berriak iristen, eta orain artekoen aukera zabaltzen doa. Azanzaren postua ia kolore guztietako geranioz beteta dago dagoeneko.
Kanpoko produktuen artean, zainzuriak izan dira gaurko protagonista nagusiak. Zuhaiztiko fruta saltzaileen artean ia postu guztietan izan dituzte salgai, Sevillakoak batzuk (Espainia) eta Nafarroakoak beste batzuk. Zainzuriaren prezioa 8,95 eta 16,9 euro artean dago. Berdeak ere bazituzten salgai Sustrai postukoek, kiloa 4,95 euroan.
Bisitari ugari, eta postu bereziak
Gaurko beste protagonista batzuk bisitariak izan dira, ugari izan direlako, batez ere gaztetxoak. Ia 300 ikasle etorri dira goizean Beasaingo Loinazpe institututik, eta sei taldetan banatuta, postuz postu ibili dira Plaza Nagusian, baita herriko erdiguneko kaleetan ere. Beranduago iritsi dira Portugaleteko bisitariak (Bizkaia), beste 120 inguru. Horiek adinduagoak ziren, gerriko Gizarte Zentrokoak, hain zuzen.
Bisitari bereziak ere izan dira, hemendik 15 egunera ospatuko den Artzain Egunaren aurkezpenaren harira. Plaza Nagusian aurkeztu dituzte feria berezi horretako xehetasunak, baita Idiazabal gazta berria Gorka Txapartegi sukaldariak moztuko duela aurreratu ere. Ekitaldiak bere publikoa bildu du, baita hainbat komunikabide ere.
Aurkezpen horren aurretxoan, sukaldaritza erakustaldi bat egin du Anne Otegi sukaldariak, bertako eta garaik produktuekin. Ondoan izan du Aitziber Aizpuru nutrizionista, tokiko produktu horien onurak azaltzeko.
Eta Plaza Nagusi ondoan bi postu berezi ere izan dira gaur. Bateko saltzaileak, Kutxaren ondoaren egon direnak, ezagunak ziren, etorri direlako azokara beste batzuetan ere. Urretxuko Jose Maria Iparragirre institutuko ZIG gelako ikasleak ziren, eta betiko moduan, gelan egindako pastak, gozoak eta artisau gaiak izan dituzte salgai, udaberria aurreratuagoa dagoenean Saloura egin nahi duten ikas bidaiarako dirua biltzeko.
Bestetik, udaletxe azpian Ordiziako Jakintza eta Oianguren ikastetxeetako DBHko ikasle talde bat izan da, Truke azokaren kargu eginez. Eskola Agenda 30aren barruan lantzen ari diren kontsumo arduratsua eta hondakinen gaiarekin lotutako proiektua da Truke azoka hau.
Luis Rodriguezen hutsunea
Plazaren goiko aldean, berriz, hutsunea zegoen, joan den astean erretiroa hartu zuen Luis Rodriguez oliba saltzailearena. Rodriguezek izan zuen aukera bezeroengandik agurtzeko, baita 1950eko hamarkadatik Ordizian asteazkenero bere familiak jartzen zuen postuaren historia errepasatzeko ere. Simon eta Mari Cruz gurasoak, Victoria eta Mari Cruz arrebak, eta bereziki Antonio anaia eta haren emazte Lourdes Usabiaga gogoratu zituen errepaso horretan, baina Vanessa iloba falta zen. “Hura ere oso inportantea izan zen postu honetan, lan asko egin zuen, eta ez nuen ahaztu nahi”, azaldu du Rodriguezek azokako arduradunei bidalitako ohar batean.
Aldi berean, Ordiziako eta Legazpiko azoketako bezeroei eskerrak eman zizkien bezala, Tolosako azokakoak ere eskertu nahi ditu, Tolosakoak bertakoak, Ibarrakoak eta inguruko herrietakoak hain zuzen ere.



















