Korrikan parte hartzeko deia egin dute Legazpiko Udalak eta herriko Korrika batzordeak
Aurten ez da herritik pasatzen, eta kilometro bat erosi dute Urretxun legazpiar guztientzat. Larunbatean 08:10ean hartuko dute lekukoa, Aparizio auzoko biribilgunean.
Duela bi urte goizaldean igaro zen Korrika Legazpitik. Aurten Korrika Legazpitik igaroko ez bada ere, legazpiarrek kilometro bat izango dute larunbat goizean euskararen aldeko lasterketa berezi hori Urretxutik pasatzen denean. Modu horretara, “herriaren euskararekiko konpromisoa inoiz baino biziago” dagoela erakutsi nahi dute.
Legazpiko Korrika Batzordeak, Udalarekin elkarlanean, legazpiarren parte hartzea bermatzeko kilometro bat erosi du guztientzat. 2.846 kilometroa da, eta Urretxun dago, Aparizio auzoko biribilgunean. Bertara agertzeko eskatu diete herritarrei, larunbatean, 08:10ean.












