Segurako aterpetxean dauden nerabeentzako izeba-osaben bila
Izeba proiektuak egin du deia, boluntarioak behar dituelako. Gazteentzako erreferente helduak behar ditu, Goierrikoak. Gazteei behar duten afektibotasuna eta gertutasuna eskaintzen dizkiete izeba-osabek.
Segurako harrera etxean 15 eta 18 urte bitarteko hainbat gazte migratzaile bizi dira, erakundeen tutoretzapean. Aterpea, elikadura, arropa edo hezkuntza bezalako oinarrizko premiak beteta dituzte, baina bestelako beharrak dituzte, falta duten familiaren afektibotasuna edo goxotasuna adibidez, edo gertuko helduen erreferentzia. Baketik gizarte zibilaren erakundeak martxan jarritako Izeba proiektuak horretarako laguntza eskaintzen die.
Izeba proiektuak boluntarioen bidez funtzionatzen du, gazte horien erreferentziako eta akonpainamenduko osabaren edo izebaren funtzioak betetzen dituzten boluntarioen bidez. Eta Goierrin, Segurako gazteekin funtzio horiek betetzeko prest dagoen jendea behar dute. Mutilak dira gazte horiek guztiak, eta proiektu honetan parte hartzeko gogoz daude batzuk.
Egin beharrekoak
Aparteko prestakuntzarik ez da behar proiektu honetan parte hartzeko. Denbora pixka bat eskaintzean datza egin beharrekoa, astean behin edo bitan gazteekin ordu batzuk igarotzea da eskatzen den bakarra, falta duten afektibotasuna eskaintzeko, edo gizarteratzeko zubi izateko.
Norberaren herriko betiko tabernan Cola Cao bat edo pintxo bat hartzera eraman, futbol partida bat ikustera joan, familia bazkari batera gonbidatu, mendira lagunekin egindako txangorako apuntatu, Donostiara elkarrekin egun pasa joan… Ez da ezer berezirik egin behar, ondoan egon eta gertuko babes hori eman, besterik ez, izeba-osabek iloba gazteekin egiten dutena, alegia. Izeba edo osaba horietako bat izateko 18 urtetik gorakoa izan behar da.
Proiektuari buruzko informazio gehiago Baketik erakundearen www.baketik.org webgunean edo 943 25 10 05 telefono zenbakian eskatu daiteke.













