Eider Mendoza diputatu nagusiak eta Eric Galvez alkateak Legazpiko Ongizatearen Plaza bisitatu dute
Foru Aldundiak antolatutako espazio berritzaile honetan gazteen ongizatea, nahi ez den bakardadea, inklusioa, elikadura jasangarria eta belaunaldi arteko loturak izango dituzte aztergai eta mintzagai bihar iluntzera arte, hainbat jarduera medio.
Gaur goizean Legazpin ireki duten Ongizatearen Plazak Gipuzkoako diputatu nagusia Eider Mendozaren eta Legazpiko alkatea Eric Galvezen bisita jaso du eguerdian. Gaurtik bihar iluntzera arte, eta goizez eta arratsaldez, ongizate integralaren inguruko hainbat solasaldi, mahai-inguru eta jarduera parte hartzaile hartuko ditu Foru Aldundiak antolatutako espazio berritzaile honek. Hala nola, gazteen ongizatea, nahi ez den bakardadea, inklusioa, elikadura jasangarria eta belaunaldi arteko loturak izango dituzte aztergai eta mintzagai datozen bi egunotan.
“Ongizate integralaren inguruan hitz egiteko eta elkarri entzuteko gune irekia da hau”, azaldu du Mendoza diputatu nagusiak, “pertsona guztien ongizate integrala” baita bere esanetan “komunitate eta lurralde bezala plazaren erdian jartzen asmatu behar dugun lehentasuna”. “Horretan ari gara Gipuzkoan”, berretsi du. Izan ere, gogoratu duenez, lurraldeak azken urteotan “sendotasun ekonomiko handia” garatu badu ere, pertsonei eragiten diguten “errealitate eta arazo sozial berriak areagotzen” ari dira gure artean, “buruko gaitzak, nahi ez den bakardadea eta adikzio berriak”, kasu.
Errealitate berriek, baina, eskatzen dute gai horiei buruz mintzatzea eta gogoetak trukatzea. Horregatik eskaini zaio, egitasmo honen bitartez, “plaza bat ongizate integralari”. Mendozak gogorarazi du gipuzkoar herri eta auzoetan “komunitatearen elkargune” direla plazak, “elkar entzuteko, elkarrekin egoteko eta ospatzeko” topagune, alegia. “Ekimen honen bitartez, hain zuzen ere, ongizatearen inguruan hitz egin eta, modu parte hartzaile eta ludiko batean, egunerokoan eta komunitate bizitzan urrats berriak emateko bideak partekatu nahi ditugu”, zehaztu du.
Horregatik guztiagatik, diputatu nagusiak gonbidapena luzatu die legazpiar guztiei, bertaratu eta parrokia atzealde inguruan jarritako karpan dagoen Ongizatearen Plazan parte hartzeko. “Ongi egoteaz aparte, gipuzkoarrak ongi sentitzea nahi dugu. Gipuzkoar guztien ongizate integrala bultzatu nahi dugu, hori da Aldundiaren lehentasun nagusia”, azaldu du Mendozak.
Legazpiko alkateak, Eric Galvezek, “ardura bat” hartzeko gonbidapena luzatu du, erakunde eta herritar, ongizate integralaren desafioa ez delako “soilik kontu pertsonala, guztion ardura” baizik. “Gure herrian egunero ikusten da: badago jende asko ikusten ez den lan handia egiten duena. Ekonomiaren gainetik, badirelako kezkatzen gaituzten errealitateak: osasun mentala, bakardadea, mendekotasunak… horregatik da garrantzitsua gai hauek plazara ekartzea, elkarri entzunez, partekatuz, eta elkarrekin ekinez”, adierazi du.
Bisitak iraun duen bitartean, hiper-konexioaren garaiko gazteen ongizatearen gaia jorratzeko jarduera bat zegoen martxan karpan. Besteak beste, sare sozialekiko adikzioaz, gaitasun sozialen galeraz, suizidioaz… hitz egin dute herriko gazteek.














