Judo Legazpik jasoko du Olaria saria
Herritarrek proposatutako hamar hautagaien artean aukeratu du propio sortutako epai-mahaiak. Sari honekin, judo klubak kirolaren, prestakuntzaren eta gizarte balioen sustapenean egin duen lanari aitortza egingo zaio. Maiatzaren 3an jasoko du saria.
Legazpik Judo klubeko hainbat kide, herrian duela aste batzuk jokatutako txapelketan. Judo Legazpik jasoko du aurtengo Olaria saria. Hala erabaki zuen atzo Osoko Bilkurak, herritarrek egindako hautagaien artean sariduna hautatzeko propio sortutako epaimahaiaren proposamenari baiezkoa eman ondoren. Hamar hautagaien artean egin dute Judo Legazpiren alde.
Burguera anaiak, Irati Zurutuza, Dani Garrido, Judo Legazpi, Sorgintxulo Aisialdi Taldea, Eneko Gutierrez, LEK Legazpiko Erraldoiak Konpartsa, Patxi Otaegi, Ikatza Argazkilari Elkartea eta Santikutz egoitzako langileak izan dira herritarrek aurkeztutako hautagaiak. Olaria jasoko duena erabakitzeko epaimahaia, berriz, Eric Galvez Alvarez alkateak, EAJko ordezkari Amaia Aizpuruak; PSE-EEko Oscar Valbuenak, EH Bilduko Ibon Altzelaik, iazko irabazle izan ziren Txillidaren langileen ordezkari Agustin Belokik eta Iñaki Azarolak eta Legazpiko Gazteak, Ilintxa eta Izadi Zaleak elkarteetako ordezkariek osatu zuten. Martxoaren 16an egin zuten bilkura, eta bozketa egin ondoren, Legazpi Judo proposatu zuten
Proposamen hori martxoaren 18ko Udaleko Bozeramaileen Batzordean aztertu zuten eta, ondoren, atzoko Osoko Bilkurara eraman zuten, azken oniritzia jaso zezan. Proposamena aho batez onartu zuten.
Horrela, Olaria 2026 saria Judo Legazpi elkarteari emango zaio maiatzaren 3an, Santikutz jaietako ezpata-dantzaren ekitaldiaren barruan. Sari honekin, judo klubak kirol, prestakuntza eta gizarte balioen sustapenean egin duen lanari aitortza egingo zaio.












