Aztiriko larunbateko bertso saioan, Osinalde Sarirako azken txartelak jokoan
Argi-Berri eta Osinberderen ondoren, hirugarren kanporaketa da biharkoa. Mikel Etxezarreta olaberritarra dago partaideen artean.
Mikel Etxezarreta bertsolari olaberritarra, Lazkaoko Kilometroak festaren aurkezpenean.Iñaki Gurrutxaga Aztirian erabakiko dira bertsolari gazteen 54. Osinalde sariketaren finalean parte hartuko duten azken finalistak zeintzuk izango diren. Aztiri Bat elkartean 14:00etan hasita bazkaldu eta gero, oraindik zehaztu gabe dauden bi plazak eskuratzeko lehian hasiko dira Osinalderen hirugarren kanporaketa honetan parte hartuko duten bertsolariak.
Bertsolari horiek dira Iruri Altzerreka (Garai, 2000) eta Janire Arrizabalaga (Gernika, 2003) bizkaitarrak, Ekain Alegre (Altsasu, 2001) nafarra, Mikel Etxezarreta (Olaberria, 2003), Joanes Azpillaga (Azpeitia, 2007) eta Jon Mendiluze (Irura, 2005).
Finala Gabiriako Osinalde elkartean izango da, apirilaren 11n, eta lau bertsolarik ziurtatuta dute dagoeneko tokia. Lehen kanporaketan, Ordiziako Argi Berri saria irabazi zuen Haira Aizpurua (Sara, 2006) lapurtarra eta bigarren geratu zen Egia Otegi (Oiartzun, 2007) sailkatu ziren. Bigarren kanporaketatik, Zaldibiako Osinberde saritik, Maddi Agirre (Gasteiz, 2005) eta Eki Mateorena (Leitza, 2005) nafarra atera ziren finalista.
Etxezarreta, «gogotsu»
Aurtengo Osinalde sariketako 18 bertsolarietatik, hiru bakarrik ziren goierritarrak. Lazkaoko Sustrai Goenagak eta June Aiestaran beasaindarrak galdu zuten finalerako txartela, eta bihar Mikel Etxezarretak du berea eskuratzeko aukera.
Etxezarreta «gogotsu eta ilusioz» dago biharko saioari begira. Helburu argirik gabe doala aitortu du, «azkenaldian ez naiz gehiegi fokatu bertsotan, baina saio eder bat egin nahiko nuke, zorroztasunari baino gehiago freskotasunari begiratu, eta niretik kantatu, nire ale batzuk utzi, eta entzulearengana iristea nahiko nuke». Hain zuzen, iaz entzulearen saria eskuratu zuen Aztirian, eta aurten errepikatzen ez bada, «publikoarekin konektatu dudala eta nire aldetik dena eman dudala ikusiz gero, ni konforme».
Aurkarien gainean, berriz, «ezer gutxi» du esateko, «Osinalden kantatzeak maila oneko bertsolaria dela esan nahi du, eta nire bertsokideak ere horrelakoak dira. Edonork dauka maila susto bat emateko». Biharkoari begira, «gozatzera joan nahiko nuke, freskura bilatuz, niretik kantatuz eta saio eder bat eginez».













