Legazpiko Berdeak + Independenteak taldeak premiazko neurriak eskatu ditu hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzeko
Azpeitian aplikatu duten etxebizitza politikaren antzekoa Legazpin ere aplikatu daitekeela dio. Etxebizitzena herritarren kezka handia dela diote, eta horren inguruan udalak duen "borondate eta ekimen falta" onartezina dela salatu dute.
Hegialde auzoko panoramika.Josu Altzelai Legazpiko berdeak + Independenteak taldeak ohar bat kaleratu du, herrian dauden etxebizitza hutsen inguruan neurriak eskatuz udalari. Legazpin, 399 etxebizitza hutsik daudela dio taldeko ordezkari den Alberto Bezunarteak, eta “herritarren kezka nagusia den arazo baten aurrean” ekintzarik ez dagoela salatu du, udaleko gobernu taldearen “borondate eta ekimen falta onartezina” kritikatzearekin batera.
Azpeitiko eredua ekarri du gogora Bezunarteak Legazpikoari buruzko hitz egiteko. “Aste honetan prentsa bidez ezagutu ditugu duela urtebete Azpeitian ezarritako etxebizitza politikaren emaitzak. Udalak estrategia integral bat garatu du, etxebizitza hutsak identifikatzea, jabeekin zuzeneko harremana izatea eta hauei laguntzea barne hartzen dituena, eta hainbat neurri konbinatzen ditu, hala nola metro koadroko 10 euroko kanona, Bizigune programa eta saltzeko edo alokatzeko aukera desberdinak. Prozesu horri esker, Udala etxebizitzen titularrekin harremanetan jarri da, egoera zehatza ezagutzeko eta kasu bakoitzari egokitutako konponbideak eskaintzeko. Lan proaktibo eta pedagogiko horren ondorioz, 61 etxebizitza huts mobilizatzea lortu da, eta horietatik 41 salerosketa edo alokairuko merkatura atera dira. Horrek erakusten du, Udalaren aldetik borondate politikoa eta jarrera proaktiboa dagoenean eta ikuspegi zorrotza, hurbila eta benetako datuetan oinarritutakoa hartzen denean, posible dela hutsik dauden etxebizitzak aktibatzea eta eskuragarri dauden etxebizitzen eskaintza nabarmen zabaltzea”.
Berdeek uste dute Azpeitiko neurrien antzekoak aplikatuz eta jabeekin lan proaktiboa eginda, “Legazpin dauden etxebizitza huts asko mobilizatu ahal izango liratekeela, bai alokairurako, bai salmentarako. Eskaintzaren igoera horrek, gainera, prezioak murrizten lagunduko luke, etxebizitza duin bat arrazoizko prezioan eskuratzeko aukera erraztuz”.
Joan den asteko Osoko Bilkuran egindako planteamenduak dira horiek, eta bertan alkateak Azpeitiko emaitzei “balioa kendu” ziela azaldu du Bezunarteak, eta “Legazpin etxebizitza merkatua hobetzeko urratsak ematen jarraituko dutela adierazi zuela, baina epe laburrean neurri zehatzik iragarri gabe”.
Berdeak taldeko bozeramalearen ustez, etxebizitza politikan, “gobernuaren estrategia da etxebizitza berrien etorkizuneko sustapenen zain egotea. Baina sustapen horiek ez daude bermatuta, eta, gauzatuz gero, urte batzuk beharko dira”. Legazpiko etxebizitzaren merkatuaren egoera, taldearen hitzetan, “dramatikoa” da familientzat, bai alokatzeko, bai etxebizitza erosteko. “Gaur egun, hamar etxebizitza baino ez daude prezio garestietan salgai, eta bat ere ez alokairuan. Horrek esan nahi du merkatua ia geldirik dagoela. Badakigu familia batzuek geratu edo Legazpira itzuli nahi dutela, eta ezin dutela hemen ezer erosi edo alokatu. Familiok ezin dugu itxaroten jarraitu, gobernu taldeak erreakzionatu egin behar du. Etxebizitzaren arazoa premiazkoa da, eta gaur egun gure herrian familia askoren kezka nagusia da”.
Egoera honen aurrean, Berdeak taldeak martxan jarri dituen ekimenen berri eman zuen, azkenik, Bezunarteak: “Informazio-kanpaina, flyerrak banatuz, erabiltzen ari ez diren legezko tresnak ezagutarazteko; sinadura bilketa bat, herritarren babesa bilatuz, berdeak.independientes.legazpi@gmail.com helbidera idatzita; eta Osoko Bilkuran eztabaidatzeko mozio bat aurkeztea”. Mozio horretan hainbat puntu jasoko dituzte, etxebizitza-plan baten diseinua barne hartuta: “Metro koadroko 10 euroko tasa etxebizitza hutsei, % 150eko errekargua OHZn higiezin horientzat, eta Udaletxean etxebizitza bulego bat sortzea, etxebizitza hutsak identifikatzeko, haien jabeekin harreman zuzena izateko eta laguntzeko”.













