Legazpitik tona bat elikagai Lesboserako bidean
Hotz Legazpik egindako deialdiari erantzunez, herritar ugari hurbildu zen Azokara larunbat goizean. Herriko ikasleek ere egin dute ekarpena ikastetxeetan, eta hainbat dendak ere parte hartu dute kanpainan.
Hotz Legazpik egindako deialdiari erantzunez, legazpiarrek 1.000 kilo elikagai entregatu dizkiote elkarteari, Greziako Lesbos uhartean dauden errefuxiatuen kanpalekuetara bidaltzeko. Hotz Legazpik larunbat goizean egin zuen janari bilketa Azokan, hainbat boluntariok lagunduta. Boluntario horien artean, Atzegiko kideak zeuden. Nagusilan elkarteak eta Goierriko Kontseilu Sozialistak ere lagundu zuten.
Azokako bilketaz gain, Haztegi ikastolan eta Olamendi ikastetxean ere jaso dituzte elikagaiak astean zehar, Ikasle bat kilo bat kanpainari esker. Gainera, BM supermerkatuan eta Hegialdeko Eroskin orgak jarri dituzte.
Horren guztiaren emaitza 1.000 kilo elikagai dira. 95 kaxatan bilduta, Lesbosera bidaliko dira orain, Zaporeak elkartearen bidez. 448 euro ere bildu dituzte helburu berbererako.














