Legazpik hartuko du aurten ere Euskadiko xake txapelketa absolutua
Santikutz klubak antolatuta, apirilaren 8tik 12ra bitartean izango da jokoan, Agirre-Etxeberrin. Erkidegoko jokalari onenek parte hartuko dute, eta partidak internet bidez transmitituko dituzte, zuzenean.
Euskadiko Bakarkako 41. Xake Txapelketa Absolutua Legazpin jokatuko da apirilaren 8tik 12ra bitartean. Santikutz Xake klubak antolatuta, Agirre Etxeberrik hartuko du txapelketa hirugarren urtez jarraian. Gaur eguerdian eman ditu xehetasun guztiak Santikutz klubeko Alberto Vesgak, Eric Galvez alkateak lagunduta.
Aurkezpenean Euskal Xake Federazioko lehendakari Jose Angel Muela ere izan da legazpiarrei babesa ematen. Herriko klubaren lehendakaria den Patxi Imaz ere bertan izan da, baita Mario Gallego eta Marta Martin jokalariak ere.
Alkateak adierazi du “poz handia” dela txapelketa hau berriz ere Legazpin izatea, eta eskerrak eman dizkio Santikutz klubari, egiten duen lanagatik. Xakea “balioak transmititzen duen kirola” dela esan du, eta “balio horiek inoiz baino beharrezkoagoak diren garai honetan, udalaren aldetik babesik handiena adierazi nahi diogu herriko kirol elkarte honi, lan bikaina egiten duelako, eta lan horri pasioa eta gogoa jartzen diotelako”. Maiatzaren 1ean 92. ediziora iritsiko den Santikutz Txirrindulari Klasikoarekin ere alderatu du txapelketa hau, eta “horrelako bide luzea egitea” espero duela esan du.
Maila altuko xakelariak
Vesgak hartu du hitza ondoren, eta gogoratu du Santikutz klubak duela bi urte erabaki zuela Euskadiko xake txapelketa absolutua Legazpira ekartzea, “gu klub txikia izanda, egundoko apustua izan zen”. Baina Legazpiko edizio hura arrakasta hutsa izan zen, eta iaz bigarren urtez antolatzea erabaki zuen. “Legazpi euskal xakearen mapan kokatzea lortu genuen”, eta aurten hirugarren aldiz ekarriko dute txapelketa herrira.
Aurreko bi edizioetan bezala, “oso maila altuko jokalariak” etortzea lortu dute, aurreko urteetan parte hartutakoak batzuk. Hogei partaide izango dira guztira, eta Vesgak bost faboritoak aipatu ditu, xakearen munduan maila adierazten duen ELO sailkapenean duten hurrenkerari jarraituz. Lehena Carlos Suarez Nazioarte mailako Maisua da, Sestao klub bizkaitarreko kidea eta iazko txapelduna. Bigarrenik Iruñeko Orvina klubeko Unai Garbisu aipatu du, hori ere Nazioarte mailako Maisu titulua duena. Hirugarren postuan Sestaoko Salvador Gabriel del Rio jokalari argentinarra jarri du, 2018ko Espainiako txapelduna. Laugarrenik, Donostiako Gros Xake Taldeko Santiago Gonzalez de la Torre dago, Euskadiko txapeldun sei aldiz. Eta bosgarrena, Bilboko Conteneo klubeko Alain Otero jokalari kubatarra da.
Horiekin batera, gaurko Euskadiko txapelduna den Miriam Parkhurst ere nabarmendu du, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko txapelketetan sailkatu direnekin batera. Gazteen artean, Markel Vesga legazpiarra, Hondarribiko Patxi Moreno eta Gros Xake taldeko Alex Odriozola eta Alex Larrañaga donostiarrak azpimarratu ditu, 15 urte besterik ez dituen Getxoko (Bizkaia) Ibai Gargortarekin batera. Santikutz klubak gonbidatu duen Unai Elias urretxuarra ere aipatu du.
Partidak, interneten
Txapelketa zazpi tandatan banatuko da. Apirilaren 8an, asteazkena, jokatu da lehena, 17:00; ostegunean bi izango dira, bata 10.00tan hasita eta bestea 17:00tan; ostiralean arratsaldez jokatuko da bakarrik,17.00tan; larunbatean beste bi txanda izango dira, 10:00tan eta 17:00tan, eta igandean, 10:00etan hasita jokatuko da azken txanda.
Partidei dagokionez, Vesgak azaldu du jokalari bakoitzak ordu eta erdiko denbora izango duela, eta egiten duen mugimendu bakoitzeko 30 segundo gehiago lortuko dituela. “Beraz, litekeena da partidek lau ordutik gorako iraupena izatea”.
Aurreko edizioetan bezala, partidak internetez jarraitu ahal izango dira zuzenean, eta edonork izango du sarbidea transmisioetara, baita jokalariak dauden aretora ere. Agirre-Etxeberrin, gainera, jokalariak lanean ari diren bitartean, xake zaleak ondoko gela batean izango dira partidak jarraitzen eta komentatzen, eta Vesgak bertaratzeko gonbidapena luzatu die interesa duten guztiei.
Haurrentzako txapelketa paraleloa ere antolatu dute aurten. Larunbatean jokatuko da, apirilaren 11n, 10:00etatik aurrera.
Babesleei eskerrak
Xehetasun guztiak emanda, Vesgak eskerrak eman dizkie torneo hau antolatzen lagundu duten erakundeei eta babesei. Euskal Xake Federakuntza eskertu du lehenik, “gure klubari txapelketa hau antolatzeko emandako konfiantzagatik. Udala ere aipatu du, “laguntza logistikoa eta ekonomikoagatik”. Eta babesleak ere izendatu ditu: Attiko Estudio Grafikoa, Urdangarin Burdindegia, Katiku eta Aitxuri jatetxeak, Bergaretxe Apartamentuak, Sustrai fruta dendak, eta Ogiberri Kale Nagusia okindegia.
Aparteko aipamen bat ere egin du, Gorka Gomezena, urtero bezala, aurten ere bideo bat egin duelako txapelketa aurkezteko. Ekitaldiaren ondoren proiektatu dute bideoa, eta ikusgai jarri dute Youtuben
(elebidun dago, euskaraz eta gazteleraz).














