«Azken partidak irabazi ditugu eta orain dena eman beharra daukagu»
Urrezko intsignia eman dio Beasain Kirol Elkarteak Julen Etxeberriari (Beasain, 1997). Hamar denboraldi egin ditu lehen taldean. «Topera» dago taldea, mailari eutsi nahian.
Julen Etxeberria Beasain KE-ko jokalaria.Laida Goiburu Hitzordu garrantzitsuak ditu Beasain KE-ren lehen taldeak denboraldi amaierara arte. Bigarren Federazio mailari eusteko ahaleginean azken indarrak zelaian utzi beharko dituzte jokalariek. Bost partida geratzen dira, bost final. Lehena, Sestao River Club-en aurka, igandean. Pasa den larunbatean 3-2 irabazi zion aurkari zuzena den Mutilverari, Loinatz zelaian, eta are bereziagoa izan zen, klubeko bi kide omendu baitzituen Beasain Kirol Elkarteak partida hasi aurretik: Bernardino Dino Oiarbide eta Julen Etxeberria.
Hamar denboraldi egin dituzu lehen taldean. Klubean zenbat daramazu?
Klubean urte asko, alebinetatik, 12 urte nituenetik, dena segidan, ez dut sekula utzi. 2016an debutatu nuen lehen taldearekin, hasi nintzen pixkanaka muturra sartzen eta orain arte.
Nola gogoratzen duzu lehen taldearekin jokatu zenuen lehen partida hori?
Azkenean jubeniletan denboraldi oso ona egin genuen eta aukera eman zidaten lehenengo taldearekin entrenatzeko, aurre denboraldia egiteko. Aurre denboraldi ona egin nuen eta entrenatzaileak aukera eman zidan jokatzeko. Akordatzen naiz urduri nengoela. Ez nuen pentsatzen gaur egunera arte ailegatzea.
Hainbat mailatan jokatu duzu.
Hasi nintzenean play-offa jokatu genuen Segunda B zenerako, baina ez ginen igo, ailegatu ginen azken errondara baina ez ginen igo. Gerora, duela lau urte, kategoriaz igo ginen, Bigarren Federaziora, baina hurrengo urtean jaitsi ginen, eta iaz igo ginen eta hemen gaude, mailari eutsi nahian.
Nabaritzen da maila aldaketa?
Bai, kalitatean nabari da eta fisikoki ere bai. Zailena lehenengo urtea izaten da, mantentzen bazara nik uste hurrengo urteetan zerbait errazagoa egiten dela kategoria mantentzea.
“Ez duzu pentsatzen honaino ailegatzea, 10 urte egotea lehen taldean, hainbeste denbora klubean. Egunerokotasuneko lanari sari bat da”
Larunbatean urrezko intsignia eman zizun klubak. Nola jaso zenuen?
Emozio askoz. Ez duzu pentsatzen honaino ailegatzea, 10 urte egotea lehen taldean, hainbeste denbora klubean. Egunerokotasuneko lanari sari bat da. Familiako eta lagun asko gerturatu ziren. Konturatzen zara zenbat jendek jarraitu duen taldea jokatu duzun tarte horretan eta harrotasun bat da.
3-2 irabazita, 14. postuan zaudete.
Azkeneko hiru partidak oso onak egin ditugu, irabazi egin ditugu eta horrek eman digu haize pixka bat goraka joateko, baina berdinduta gaude puntuetan gure gainetik dagoenarekin (SD Ejea), mailari eusteko play-outa markatzen duenarekin.
Azkeneko partida guztiak garrantzitsuak dira. Nola egiten diozue aurre azken txanpa honi?
Dena ematera joan beharra dugu, hil edo bizikoak dira, salbatu nahi badugu denak irabazi beharra dauzkagu eta gero emaitzetara itxaron. Gogo askorekin gaude, taldea oso animatuta dago eta jokalariak topera gaude. Gutxi gelditzen da. Azken partidak irabazi ditugu, oso positiboa da guretzat eta orain dena eman beharra daukagu. Orain lauzpabost partida ez genuen hain erraz ikusten, baina azkeneko hirurak irabazita esperantza asko dago eta taldea topera dago. Espero dugu lortzea.
Zuk jarraitzeko asmoa duzu?
Bai, oraindik ez dut pentsatu uztea. Badaude momentuak pasatzen zaizkizunak burutik uztea edo ez, baina gaur egun ez daukat uzteko asmorik. Lehenengo aurtengoa, eta gero ikusiko dugu zer etortzen den.












