Goierriko zazpi gaztetxe eta gazte asanblada, elkarlanean
Gaztetxeen arteko II. Topaketa antolatu dute, Ataunen eta Ordizian. Ataun, Beasain, Urretxu-Zumarraga, Zaldibia, Ordizia, Legorreta eta Legazpik ondu dute.
Goierriko zazpi asanbladen agerraldia. Melmak Aurreko bi edizioen arrakastaren ondotik, hirugarren aldia izango du Goierriko Gazte Asanbladen arteko Topaketak. Ohikoa bihurtzen ari da Aste Santuko oporraldia aprobetxatzea eskualdeko gaztetxe eta asanbladen arteko saretzean urrats berria egiteko, eta aurtengoa ere horretarako baliatuko dutela ziurtatu dute Eneko Imaz, Leire Lopez eta Aimar Blanco, Ataun, Beasain eta Ordiziako asanbladetako kideek. Apirilaren 9an eta 10ean elkartuko dira Ataunen eta Ordizian.
Legazpikoa gehitu zaie asanbladen arteko tropelera, eta denera, zazpi asanbladaren arteko elkarlanaren emaitza izango da: Ataun, Beasain, Urretxu-Zumarraga, Zaldibia, Ordizia, Legorreta eta Legazpi. Helburua da bi egunez behintzat, gaztetxe bakoitza bere herriko dinamika propiotik aldentzea, eta eskualdeko gainerako asanbladekin harremanak estutzeko, komunitatea indartzeko eta ideiak partekatzeko espazio gisa baliatzea.
Elkarlana, aurrerantzean ere
Aurreneko edizioan Ordizia eta Beasain izan ziren topaleku; bigarrenean, Zaldibiak Ordiziari lekukoa hartu eta eskualdeko gazteak Beasainen eta Zaldibian elkartu ziren. Iazko helburuak —bataren «irisgarritasuna» eta bestearen «apustua» indartzea— aurtengoan ere mantenduko direla ziurtatu dute, herriak aldatuko badira ere. Imazek aitortu du Ataunen gisako herri txiki batentzat «aukera handia» dela anfitrioi izatea: «Eskualdeko gazteak Ataunen elkartzea eta gainontzeko asanbladekin elkarlanean egitaraua ontzea aberasgarria da herriarentzat».
Bi eguneko topaketa izanik ere, gaztetxeen arteko elkarlana «lehenagotik» datorrela azaldu du Lopezek, eta jardunaldi honi begira baliatu duten antolakuntza metodoaz jardun da: «Ordezkarien bitartez funtzionatu dugu, eta oso ondo moldatu gara. Asanblada bakoitzeko ordezkariak arduratu dira eskualdeko bileran hitz egindakoa herrietara eramateaz, eta herri bakoitzak eskualdeko proposamenari ekarpena egin ondoren hartu ditugu behin-betiko erabakiak».
Hain justu, azken hilabeteetako harreman eta elkarlan hori urte osora hedatu nahi dutela ere nabarmendu dute, asanblada guztien arteko «agenda partekatu bat» sortuta eta elkarren arteko ekintza gehiago antolatzeko «bermeak» jarrita.
Bonuak salgai
Topaketarako bonu desberdinak jarri dituzte salgai. Batetik, topaketetako bonu orokorra dago, 10 euroan. «Lehen eguneko afaria, bigarreneko bazkaria eta ekimen guztietara sarbidea bermatuko ditu». Dena den, egun bakoitzerako erabilgarria den bonu propioak ere badaude: Ataungoa 5 euroan (afaria eta ikuskizuna barne) eta Ordiziakoa 8 euroan (bazkaria, ikuskizuna eta kontzertuak barne).
Datozen egunetan eskualdeko herrietan eskuragai jarriko dituztela aurreratu dute, eta asanbladako kideen bidez ere izango da bonuak eskuratzeko aukera.
EGITARAUA
Apirilak 9. Ataun.
- 16:00: Harrera, zapi banaketa eta Gaztetxeen inguruko argazki erakusketa.
- 17:00: Gaztetxeak zertarako?, hitzaldia.
- 18:00: Jolasak: toka eta petanka.
- 20:30: Afaria.
- 22:00: Antzerki ikuskizuna.
Apirilak 10. Ordizia.
- 11:00: II. Gaztetxe Olinpiadak.
- 14:30: Bazkaria eta bazkaloste girotua: hitzartzea eta bingo musikatua.
- 17:30: Esku pilota partidak.
- 19:00: Karropoteoa, Dj Undercarrot-en eskutik.
- 22:00: Akerren Seinale eta Derrumbe taldeen kontzertuak, eta ondoren, Dj Gz eta Dj Tintz.












