Indartuta eta moldatuta dator Sukatloiaren bigarren aldia
Partaidetzan eta ibilbidean aldaketak egin dituzte; apirilaren 11n jokatuko da, 10:30ean Otegieneatik hasita.
Sukatloiaren antolatzaileak, Zesatek babesle nagusiarekin. Sukatloia Etapa berri baten hasiera izango da aurtengo Sukatloia. 2025eko uztailaren 18an jokatu zen aurreneko Sukatloi erronka Ordizian, eta izandako arrakastaren ondoren, bigarren edizioa antolatzea erabaki dute. Antolatzaileen asmoa da urteekin errotu, moldatu eta hobetzen joango den kuadrillen arteko erronka herrikoia bihurtzea. Aurtengo proba apirilaren 11n jokatuko da. 15 gizonezko bikote, emakumezko bikote 1, 40 urtetik gorako hiru bikote, bikote misto bat eta bakarka hiru lagun arituko dira lehian.
Herriko lagun talde batek antolatu zuen iaz, lehen aldiz Sukatloia. Lagunartean korrika eta txirrindularitza uztartuko zituen apustua antolatzea erabaki zuten, kuadrillan. Lau bikotek hartu zuten parte, eta denborarik onena Oier Uranga eta Unax Rodrigues bikoteak egin zuen.
Baldintzetan salbuespena
Aurten urrats bat harago egin nahi izan dute antolatzaileek. Hilabeteetako lanaren ondoren, duatloi erronka «handiagoa eta hobea» prestatu dute, eta antolatzaileen kuadrillatik harago zabaldu dute deialdia: Ordiziako kuadrilla guztiek izango dute parte hartzeko aukera.
Baldintzetan ere egin dute aldaketa txiki bat. Antolatzaileek azaldu dutenez, adin batetik gorako herritar batzuei kuadrillan bikotea aurkitzea zaila egiten ari zitzaiela eta, 40 urte edo gehiago dituztenei kuadrillakoak izan gabe izena emateko aukera eskaintzea erabaki dute.
Gainerako baldintzak mantendu egingo dira: ordiziarrak izatea eta 2008an edo lehenago jaioak izatea. Bikotea mixtoa edo emakumez osatua den kasuetan ere ez da beharrezkoa izango kuadrilla berekoak izatea.
Iazkoa baino landuagoa
Probaren egitura iazko bera izango da, baina ibilbidea zertxobait gehiago landu dute aurten: 10:30ean hasita, parte hartzaileek lehenik Otegienetik Zaldibiako Olakosaira joan beharko dute bizikletaz, Lazkaomenditik igarota. Olakosaira iritsita, Gaztelura egingo dute korrika, eta handik berriro abiapuntura itzuli. Azken zatia berriz bizikletaz egingo dute: Fray Andres estatuaraino, Lazkaomenditik igarota.
Ibilbidea ez ezik, antolaketa ere indartu dute. Babesle nagusia Zesatek enpresa izango da, baina beste hainbat enpresa, komertzio eta tabernek ere lagunduko dute: Olano, Nerea, Ampo, Haizpe, Kirkil, Urdin, Sugaar, Amonane, Mahala, Koska, Tximista, Zezilioenea, Basabe, Amets Otaegi, J. Mujika harategia, Uhiin eta Ordiziako Udala.
Izen ematea, Nerean
Izen ematea zabalik dago Nerea tabernan. Parte hartzaile bakoitzak 15 euro ordaindu beharko ditu; bazkariarekin, berriz, 20 euro, partaide poltsa barne. Herriko gainerako lagunek ere izango dute bazkarira joateko aukera. Bazkarirako txartelak eskuragai daude Amonane, Sugaar, Olano, Nerea, Urdin eta Kirkil tabernetan, 10 euroan.
Bazkalostean jarraituko du jai giroak, Perejillek taldearekin eta Distopia Elektrotxarangarekin.













