Ordiziako Alde Zaharra dantzan jarriko dute apirilaren 17 eta 18an
Ordiziako ostalariek, udalaren, merkatari elkartearen eta zenbait talde eragileren laguntzarekin antolatzen dute. Larunbatean egun osoko jardunaldia izango dute.
Tortilla lehiaketako podiuma: 1. Natale Ormazabal eta Danel Madrazo. 2. Leire Etxeberria – Iride Ardanaz. 3. Eneko Akallaga – Eneko Samaniego.Kerman Garralda. Orain hiruzpalau urte antolatzen hasi zirenetik gaurdaino sona handia hartu dute Ordiziako ostalariek, udalaren, merkatari elkartearen eta zenbait talde eragileren laguntzarekin antolatu izan dituzten Alde Zaharreko jaiek. Oraingoan ere, urteko asteburu animatuenetako bat bizitzeko prestatzen ari dira ordiziarrak. Alde zaharra kulturaz blaituko dute apirilaren 17an eta 18an.
Ostiralean ekingo zaio jaiari, KantAzak jarduerarekin, baina larunbatak hartuko du protagonismo nagusia. Egun osoko jardunaldia prestatu dute, publiko guztientzako agenda osatuarekin: Aire Libreko II. margo lehiaketarekin hasiko dute eguna, alde zaharra inspirazio gisa hartuta, eta plaza nagusian egingo duten patata tortilla lehiaketarekin jarraituko dute (izen ematea: 943 32 35 66).
Tiketak salgai
Eguerdian herri bazkaria izango da, eta Marsel Magoaren emanaldia izango da ostera, Garagartzan. Amonane, Kirkil, Leizea, Pottoka, Sugaar eta Urdin tabernetan eskuratu daitezke bazkarirako tiketak, 15 euroan. Burrunbazaleen doinuek girotuko dute gainera eguna.
Iluntzeko kontzertuen aurretik, Realaren finalaz gozatzeko aukera eskainiko dute, Plaza Nagusian pantaila handia jarrita, eta amaitutakoan, Skabidean eta Zanakarron Blues taldeen kontzertuen txanda izango da.












