Goierritarrak Itzulian
Astelehenean hasiko den Euskal Herriko Itzulian Ion Izagirre ormaiztegiarrak (Cofidis), Alex Aranburu ezkiotarrak (Cofidis) eta Nicolas Alustiza zumarragarrak (Euskaltel-Euskadi) hartuk dute parte. Egoitz Mujika masajista lehenengoz izango da, Education First taldearekin.
Egoitz Mujika, Education Firsteko masajista. Astelehenean Itzulia hasiko da. Aurten hiru goierritarrek parte hartuko dute: Ion Izagirre ormaiztegiarrak (Cofidis), Alex Aranburu ezkiotarrak (Cofidis) eta Nicolas Alustiza zumarragarrak (Euskaltel-Euskadi). 2026ko Itzulia oso berezia izango da Izagirrerentzat eta Alustizarentzat: Izagirreren azkena izango da eta Alustizaren lehenengoa.
Alustizarentzat egun bereziak izango dira, «gaztetatik telebistan eta bide bazterrean ikusitako karrera da Itzulia, eta pelikulari buelta eman eta ni izatea errepidean sufritzen dagoena, betiko amets bat» baita.
Maila oso altua izango dela uste du, eta helburua, «taldeari presentzia ematea da, ihesaldietan eta momentu garrantzitsuetan ahalik eta aurreen egotea» dela dio. «Ea nola joaten den. Gogo eta ilusio handiarekin gaude talde guztia, eta ea Itzuli polita ateratzen zaigun».
Mujika, masajista
Urteroko moduan, zuzendari, mekanikari, masajista eta bestelako prestatzaileen artean ere ez da goierritarrik faltako. Horien artean Egoitz Mujika Education First taldeko masajista urretxuarra egongo da. Bere lehen Itzulia izango da.
Mujikak erdi mailako gradu bat ikasi zuen Urola Garaiko Lanbide Eskolan (UGLE). Ondoren goi mailako elikadura gradua egin du Lleidan (Herrialde Katalanak) eta kirol masajea Bartzelonan (Herrialde Katalanak) ikasi du.
Urretxuarra ekintzailea eta probatu zalea da eta toki askotan lan egin du. Bere aita kamioilaria izan da eta bere ama sukaldaria (Etxaburu jatetxeko nagusia zen) eta bi lanbide horietan aritu da. Urretxuko Dublin eta Florida tabernak izan zituen.
Kirolzalea denez, nutrizionista eta masajista lanetarako ere prestatu zen. «Probetan parte hartzen nuenean, korrikan edo bizikletan, nutrizionisten eta masajisten laguntza behar nuen. Hori dela eta, ikastea erabaki nuen».
Bizikletan Quebrantahuesos bezalako martxetan parte hartu du eta korrikari dagokionez mendi lasterketetan parte hartu du. Goierriko Bi Handiak eta Ehunmilak, adibidez.
Mikel Mujika Legazpiko txirrindulari ohia bere lehengusua da eta bere eskutik hasi zen masajeak ematen. «Portugaleko talde batean zebilen eta 2023an beraiekin lan egitea eskaini zidan. Bitan pentsatu gabe joan nintzen. Ondoren, Suitzako Roland emakumezkoen taldean lan egiteko deitu zidaten. Bi denboraldi egin nituen beraiekin. Ondoren, Alemaniako Ceratizit taldetik deitu zidaten. Hor beste bi denboraldi egin ditut. Egun, Education First taldean lan egiten dut».
Lasterketetako lana
Amerikako Estatu Batuetako talde horrek gizonezkoen, emakumezkoen eta gizonezko gazteen taldeak ditu eta hiruetan lan egiten du. Masajeak emateaz gain, beste lan batzuk egiten ditu. «Proba bakoitza baino lau egun lehenago Gironako (Herrialde Katalanak) biltegira joaten gara. Bertan, kamioiak, furgonetak… lasterketarako prestatzen ditugu. Proba egingo den tokira bi egun lehenago iristen gara. Han, autoak garbitu eta prestatzen ditugu, aireportuetara joaten gara txirrindularien bila… Karrera baino egun bat lehenago masajea ematen diegu. Karreran zehar, anoa postuetan bidoiak ematen dizkiegu. Ondoren helmugara joaten gara txirrindulariei itxarotera. Iristen direnean beraien errekuperazioaz arduratzen gara. Lehenbailehen hotelera joaten gara eta han masajea egiten diegu».
Emakumezkoen proba garrantzitsuenetan parte hartu du: Frantziako, Italiako eta Espainiako itzuliak, klasiko ospetsuenak… Gizonezkoen lasterketei dagokionez, iaz Suitzako eta Luxenburgoko itzulietan izan zen eta aurten Italiako Coppi-Bartali itzulian. Lehenengoz gizonezkoen Itzulian parte hartuko du. «Sekulako ilusioa egiten dit. Munduko talde onenek parte hartzen dute eta, gainera, txirrindularien proba kuttunetako bat da».
Oso gustura dago, lan gogorra den arren. «Txirrindularitza gustatu behar zaizu eta abentura zalea izan behar zara. Ordu asko ematen ditugu gidatzen, urtean 180 egun inguru etxetik kanpo… Familia, neska, lagunak… faltan sumatzen dira», amaitu du urretxuarrak.












