«Guretzat, Idiazabal gazta faktore askoren batasuna da»
Gorka Txapartegiren aitona-amonek ireki zuten duela ia 85 urte Alameda, eta bilobek jarraitzen dute egun. Aitortza ugari jaso dituzte. Idiazabal gazta ebakitzea «harrotasun handi bat» da haientzat.
Gorka Txapartegi.Alameda. Hondarribiko Alameda jatetxeko sukaldaria den Gorka Txapartegik (Hondarribia, 1969) ebakiko du aurten Idiazabal gazta berria Ordiziako Artzain Egunean. Bere ondoan izango ditu Mikel eta Kepa Txapartegi anaiak eta Alameda proiektuko kideak. Bidasoatik Goierrira etorriko dira, familian gozatzera. «Eroso» sentitzen dira artzaintzaren eta gaztaren bueltan.
Idiazabal gazta berria ebakiko duzu Artzain Egunean. Nola jaso zenuen proposamena?
Lehenik eta behin, sorpresaz gu aukeratu izanagatik. Ostalaritzan urte mordo bat daramatzagun familia bat gara, familia negozioa baita gurea. Aitona-amonek ireki zuten duela ia 85 urte, eta Hondarribian bizitza osoa daramagu. Sukalde batean jaioak gara nolabait esateko, eta gu aukeratzea horrelako egun berezi batean gazta ebakitzeko, guretzat harrotasun handi bat da. Oso pozik gaude.
Alamedan Bidasoako Sukaldaritza egiten duzue. Tokiko ekoizleei garrantzia ematen diezue. Ze garrantzi daukate artzainek zuenean?
Dena da. Gu handik gatoz. Gure aitonak baserritarrak izan dira, baita amonak ere. Nahasketa berezi bat daukagu: amona bat Alanguakoa, Araban, Agurain inguruan; beste amona Sakanakoa, Urdiaingoa; aitonetako bat Aizarnakoa; eta bestea Irungo baserri batekoa. Alde guztietatik, landa ingurunetik gatoz gu. Landa gunea txikitatik bizi izan dugu.
Eta gaztak, ze garrantzi dauka?
Gure etxean beti gazta produktu oso garrantzitsua izan da. Aitonaren Aizarnako baserrian gazta ekoizten zuten, eta oso modu naturalean bizi izan dugu hori; soberan geratzen zen esnearekin gazta egiten zuten. Beti izan dugu gazta gurean. Mugan bizi gara, eta Iparraldean gazta eskaintza handia dago. Jatetxean alde horretara begira egon izan gara beti. 25 gaztatik gorako mahai bat daukagu jatetxean, eta Alamedako punturik garrantzitsuenetako bat da.
Gazta, bakarrik, edo plater batean landuta nahiago?
Gaztak alde batean, eta gero platerean ere bai. Orain, udaberrian, bi pasetan erabiltzen dugu gazta plater elaboratuetan: barazki plater batean, zainzuriekin; eta postreetan, gazta urdin tarta batean eta beste batean gazta txertatuta.
Gazta zalea zarela esango zenuke?
Bai, bai, oso zalea naiz, txikitatik. Eroso sentitzen gara zentzu horretan, txikitatik bizi izan dugulako etxean. Gure sukaldean gazta oso produktu garrantzitsua izan da, eta beti egon da mahai baten bueltan gazta zati bat eta ardo porroi bat. Gure sukaldaritzan osagai naturala izan da, eta gure bizitzeko moduan ere bai.
Eta Idiazabal gazta zer da zuentzat?
Koroaren harribitxia dela uste dut. Gauza askoren esentzia da, herri baten identitatea, kulturaren zati bat, identifikatzen gaituena. Guretzat, Idiazabal gazta faktore askoren batasuna da.
Egon izan zara Ordiziako Artzain Egunean?
Bai, bai. Iraileko gazta azokara (Euskal Jaietakoa) ez naiz joaten normalean, Hondarribiko festak izaten direlako, baina oraingo honetara, apirilekora, bai, joaten gara. Azoka ikusteko aprobetxatzen dugu, Roberto Ruizekin harreman dezente daukagu eta berarekin geratzen gara, bazkariren bat edo planen bat egin… Egun hori sukaldarien arteko topaketa izaten da.
Aurtengoa berezia izango da.
Hiru anaiak joango gara. Hiru anaia gara; ni helduena, eta gero Mikel eta Kepa. Hirurok joango gara egunaz gozatzera. Gure proiektu hau familia proiektua da, eta familian gozatuko dugu. Gazta nik ebakiko dut, baina anaiak izango ditut alboan, hirurok baikaude proiektuan.












