Ogiaren eguneroko bozina-hotsa isildu da
Illargi okindegiak asteartean banatu zuen azkeneko aldiz ogia Ezkion, Itsason eta Gabirian. Banatzailea jubilatu egin da.
Jose Ramon Agirre okina eta ogi-banatzailea.Aimar Maiz. Goizeroko ordu bertsuan, furgoneta zuriarekin etxe aurre bakoitzean bozina joz iritsi da ogi banatzailea. Etxeetatik jendea atera zaio, adinekoak ia denak, eta eguneko ogia eta egunkaria hartu dizkiote; ez daudenen etxeetan, atarian zintzilikatutako poltsan sartu du eskatutakoa Jose Ramon Agirre okinak eta ogi-banatzaileak.
Baina bukatu da herri txikietan hain ohikoa izan den zerbitzu hori. Urretxuko Illargi okindegiak asteartean egin zuen azkeneko banaketa Ezkion, Itsason eta Gabirian. Zerbitzu hori etengo du, eta atzodanik jada herritarrek dendetara joan beharko dute ogia erostera.
Sei hilabete aritu da Agirre banaketan. Bere aurretik urte askoan ibilitako Antonio erretiratu zenetik. Agirre ere herenegun jubilatu zen, eta haren lanarekin batera bukatu da banatzea. Illargi 1971n sortu zuten, bailarako 11 okin batu zirenean. Harrezkero, herri txikietara egunero ogia eramateaz –azken urteetan asteburuetan ez– arduratu da, lehenago beste okin batzuek ematen zuten zerbitzuarekin jarraituta. Illargik Lazkaoko Errotaundi okindegia erosi zuen iaz, eta Lazkaon egiten dute orain ogia. Urretxuko lantokia, glutenik gabeko ogi birrindua ekoizteko birmoldatzen ari dira.
Etxe bakoitzekoa, buruan
Dirudiena baino lan nekezagoa da banatzailearena. Kilometro asko furgonetan, geldialdi ugari. Etxe bakoitzean zer utzi, buruz ikasia du. «Dena ondo apuntatu behar da hasieran. Akats batzuk ere beti izaten dira, oso nahasgarria delako. Baina jendearekin oso ondo moldatu naiz», aitortu du Agirrek.
Ogi handi bat hemen, txikia han, naturala hurrengoan, edo gatzik gabekoa, berezia, romanitoa… Egunkariekin ahaztu gabe. «Ezkion hasten dut banaketa-ibilbidea, Itsaso pasatzen dut ondoren, eta Gabirian bukatu. Hiru herri horietan aritu gara, azkeneko urteetan». Duela 6 edo 7 urte eten zuten beste banaketa-ibilbide bat, Brinkola, Telleriarte eta Aztiria hornitzen zituena.
Okintzan lanean 35 urte igaro ditu Agirrek, postu askotan. Gaztetan, banatzaile hasi zen, hain justu, udan, jaiegunetan eta igandeetan ordezkapenak eginez Mutiloan eta Gabirian. «Beste lanik ez zegoenez, bertan geratu nintzen. Urte haietan lan kontuak nahiko gaizki zeuden».
Gaur egun, 90 bat bezerorekin bukatu du zerbitzua. Buruan dauzka bakoitzaren ordainketa-moduak ere: «44ri esku-dirutan eta hilekoa kobratzen diet, biri astean behin, eta 45i kontu korronte bidez». Eta ia-ia beste horrenbeste geldialdi egin izan ditu, etorrera bozina joz abisatuta. «Etxe gehienetan ogi bakarra hartzen dute. Leku batean, ostiraletan lau egunkari ere bai. Izan ere, helduek batez ere esan didate ogia baietz, baina egunkari falta gehiago nabarituko dutela». Tartean, Goierriko Hitza eta Goiberri ere banatu dizkie harpidedunei.
Gizarte aldaketaren lekuko
Poz-tristurak nahasian dauzka Agirrek. Jubilatu delako, pozik da. Baina gustura ibili da banaketan, eta eten izanak penatzen du. Gizartea bere begien aurrean aldatzen ikusi du: «Azken 20 urteetan bai, baina gehien bat 10 urteotan asko aldatu da dena. Lehen, auzoan festak zirenean, 20 ogi gehiago eskatzen zizkiguten. Jendea joaten zen baserrietara, jaietara… Han bizi ziren zaharrak hil dira, eta kalera joan dira ondorengoak. Ez da ezer geratzen herri txikietan».
Brinkolako kasua aipatu du, txikitatik hango baserrirako joera zeukalako oporretan eta. Baina beste lekuetan ere antzera gertatu da. Herri txikietara kanpotik etorriak ere badaude, baina beste ohitura batzuk dituztela ohartu da. «Desberdina da. Bizimodua ez dute herrian egiten». Eta ogirik ere ez diote hartzen okinari.
Bozina hotsik ezak hutsune gehiago ere utziko du.
HITZAren eta ‘Goiberri’-ren banaketan, aldaketak
Ezkio-Itsasoko eta Gabiriako Goierriko Hitzaren eta ‘Goiberri’-ren harpidedunek ere aldaketa izango dute publikazioak jasotzeko. Ezkion, Topa ostatuan hartu ahalko dute; Itsason, Alegia auzoko postontzian; eta Gabirian, udaletxeko atarian kokatutako kutxan.
Goierriko Hedabideak enpresa editorea banan-banan jarri da harpidedunekin harremanetan. Aurrerantzean, beste aukera batzuk aztertzen ere ari da, udalekin batera.












