Zubizarreta anaiak, buruz buru
Iraitz eta Beñat anaiek elkarren aurka ekingo diote txapelketari, apirilaren 4an. Beñat Senar ataundarrak apirilaren 11n du lehenengo kanporaketa.
Beñat eta Iraitz Zubizarreta pilotari ataundarrak. Iraitz Zubizarreta (III) eta Beñat Zubizarreta (IV) anaiek elkarren aurka jokatuz ekingo diote B Serieko Buruz Buruko Txapelketari Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan, larunbatean.
Zubizarreta anaiek zozketa nahiago lukete beste modu batera joan izan balitz. Iraitzek dio binakako lagunarteko jaialdi batean nahiago izango lukeela anaiaren aurka jokatu. Beñatek gehitu du elkarri taldekako fasera joatea eragozten saiatu behar izatea ez dela gustukoena.
Anaia zaharrenak aitortu du «ongi prestatu» dela azken asteetan, eta aitzakiarik ez duela izango larunbateko norgehiagokarako. Dena den, partida berezia izango dela nabarmendu du: «Emozio handiko partida izango da. Beti onena opa izan diogu elkarri eta horren aurka egitea ez da erosoena». Hala ere, Zubizarreta III.a daukan guztia ematera irtengo da larunbatean.
Beñat Zubizarreta sentsazio onekin dago txapelketaren hasiera honetarako: «Azken neurketetako emaitzak onak izan dira eta konfiantzarekin hasiko dut txapelketa». Bere helburua larunbatean irabaztea eta taldekako fasera pasatzea da.
Anaiaren aurka jokatzeaz mintzatu da Zubizarreta IV.a: «Lehenengo aldia izango da pilotan aurka jokatuko duguna norgehiagoka ofizial batean. Txikitan ordea, askotan jokatu izan dugu elkarren aurka, eta askotan galtzea tokatu izan zait». Hala ere, orain profesionaletan daudela eta gauzak aldatzen ahaleginduko da.
Ostiralean emango diote hasiera esku-pilota profesionaleko buruz buruko txapelketari Bastidan (Araba). B Serieko neurketa Iosu Eskirozen eta Xabi Rekalderen artean izango da. A Seriekoa berriz, Darioren eta Elordiren artean.
Baikok eta Aspek Buruz Buruko Txapelketan arituko diren pilotariak asteartean aurkeztu zituzten. B Seriean beste ataundar bat ere badago, Beñat Senar. Hiru ataundarrez gain Agirre, Alberdi II, Aldabe, Amiano, Egiguren V, Eskiroz, Murua, Rekalde eta Salaberria ere jokatuko dute txapelketa. Horiek guztiak Iazko B Serieko irabazleari Joanes Bakaikoaren –aurten A seriean jokatuko du– lekukoa hartzen ahaleginduko dira.
Senar final laurdenetan
Senarrek apirilaren 11n ekingo dio txapelketari, final laurdenetan, Muruaren aurka, Oñatiko Zubikoa frontoian. Senar B Serieko lau eta erdiko txapelduna izan zen aurreko azaroan.
Apirilaren 24ko jaialdia
Ataunen pilotari etorkizun oparoa dago, momentu honetan lau profesional daudelako. Jon Ander Albisu, Zubizarreta III.a, Senar eta Zubizarreta IV.ak ekitaldi berean jokatzeko asmotan antolatu dute partida, Ataungo Auzoeta pilotalekuan, hilaren 24an, 18:30ean. Baina, Zubizarreta IV.a-Albisu eta Zubizarreta III.a-Landa bikoteak elkarren aurka aritzekoak ziren, eta Zubizarreta anaiak buruz burukoan elkarren aurka egokitu direlako, bietako batek ezin izango du jokatu.
Orain ordea, beste aukera bat dago, larunbatean irabazten duen Zubizarreta anaiak Senarren aurka jokatzeko aukera izan dezake egun horretan, buruz buruko final laurdenetan. Sarrerak 20 euro balio du. Egun berezia izango da ataundarrentzat.












