Garagartzako eraikineko bizilagun gehienak etxeetara itzuli dira
Udalak azaldu du "segurtasunagatik bizilagun guztiek etxebizitzetatik atera behar izan" zutela.
Larunbatean Garagartza plazako 1 zenbakiko eraikinean izandako suteagatik kaltetutako bizilagun gehienak etxeetara itzuli dira, Ordiziako Udalak jakitera eman duenez.
Larrialdi zerbitzuek arratsalde osoa eman zuten han, gauerdira arte. Udalak azaldu du “segurtasunagatik bizilagun guztiek etxebizitzetatik atera behar izan” zutela: “Ia bizilagun guztiek gaua etxetik kanpo igaro dute; batzuk familia eta lagunen etxeetan eta beste sei familiak udalak erraztutako alojamenduan”.
Udalaren oharraren arabera, suak eraikinean kalte handirik eragin ez duela baieztatu ondoren, bizilagun gehienak beren etxeetara itzuli ahal izan dira. Bitan, dena dela, “bizigarritasun baldintzak bermatzeko garbiketa lan sakonak” egin beharko dira etxebizitzetara itzuli aurretik. “Udala bizilagunekin harremanetan dago eta prest agertu da zalantzak argitu eta behar duten guztian laguntza emateko”.













