Eider Mendoza diputatu nagusia Lazkaoko Ezarri enpresan izan da
Ezarri enpresa eta Inzu enpresa taldea "Gipuzkoaren lehiakortasunerako eta egonkortasunerako ezinbestekoak" direla nabarmendu du.
Lazkaoko Ezarri enpresako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunak, gaur, Lazkaon. GFA Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak, Unai Andueza Ekonomia Sustapen eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak, Mauricio Arregi Gipuzkoako Bazkundeko presidenteak eta Javier Zubia erakundeko zuzendari nagusiak lan-bilera bat izan dute Jose Angel Muro Ezarri enpresako Administrazio Kontseiluko presidentearekin eta Xabier Errasti enpresako zuzendari nagusiarekin, lurraldeko enpresa-sarearen errealitatea, bilakaera eta erronkak bertatik bertara ezagutzeko.
Topaketa Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldeko enpresekin hurbiletik lan egiteko duen estrategiaren barruan kokatzen da, haien errealitatea, bilakaera eta aurre egin beharreko erronkak ezagutzeko, arreta berezia jarrita “ezkutuko txapeldunen” eredu diren enpresei: “konpainia oso espezializatuak dira, nitxo jakin batzuetan liderrak eta nazioarteko proiekzioa dutenak, eta oinarri-oinarrizko zeregina betetzen dute Gipuzkoako lehiakortasunean eta garapen ekonomikoan”.
Mosaikoen merkatuan liderra
Ezarri 1979an sortutako enpresa bat da, eta gaur egun Kutxa Fundazioaren barruan dagoen Inzu Groupeko kidea da. “Enpresa txiki gisa jaio zen, eta nazioarteko erreferente bihurtu da beira birziklatuko mosaikoaren sektorean, espezializazio handiko esparruan. Gaur egun, liderra da mundu mailan, kalitate handia eskaintzen du eta patentatutako sistema propioek babesten dute. Konpainiak berrikuntzan, jasangarritasunean eta bikaintasunean oinarritu du bere hazkundea, igerilekuetarako, arkitekturarako eta diseinurako produktu aurreratuak garatuz. Goierrin mundu osorako kalitate goreneko beirazko mosaikoak ekoizten dituzte”.
“Ezarri eta halako enpresak Gipuzkoako txapeldun ezkutuen adibiderik onena dira, eta Inzu bezalako talde sendo eta dibertsifikatuetako kide izatea funtsezkoa da epe luzera egonkortasuna, berrikuntza eta lehiakortasuna bermatzeko”
Eider Mendoza. Gipuzkoako diputatu nagusia
Gaur egun, Ezarrik 85 pertsonako lantaldea du, eta mundu guztian zabalduta dago; 130 herrialde baino gehiagotara egiten ditu esportazioak. 2020az geroztik, Inzu Group taldeko kide da. Inzu Group nazioartean ezaguna den industria talde bat da, dibertsifikatua, hainbat sektoretan oso espezializatuta dauden enpresek osatua. “Inzu Group taldeak egonkortasuna, inbertsio gaitasuna eta estrategia partekatua eskaintzen ditu, eta, horrela, bere enpresak lehiakorrago egiten ditu, lurraldeko ekonomia sarearen barruan eragile garrantzitsu gisa sendotuz”.
Inzu Groupen sartzeari esker, Ezarrik bere espezializazioari eta bereizketari eutsi dio, eta, aldi berean, proiektu estrategiko berriei ekin die eta nazioarteko hazkundea sendotu du. Bileran, sektorearen erronka nagusiak aztertu dituzte, hala nola nazioartekotzea, berrikuntza teknologikoa eta jasangarritasuna, bai eta testuinguru globalaren erronkei berme osoz aurre egiteko enpresa egitura sendoak izatearen garrantzia ere.
“Txapeldun ezkutuen” adibide
Eider Mendoza diputatu nagusiak nabarmendu duenez, “Ezarri eta halako enpresak Gipuzkoako txapeldun ezkutuen adibiderik onena dira, eta Inzu bezalako talde sendo eta dibertsifikatuetako kide izatea funtsezkoa da epe luzera egonkortasuna, berrikuntza eta lehiakortasuna bermatzeko. Ikuspegi horrek inoiz baino garrantzi handiagoa hartzen du gaur egun, ziurgabetasunez betetako testuinguru global konplexu honetan; izan ere, nitxo zehatzetan espezializatuta eta buru izanda, gai dira edozein erronkari aurre egiteko, abantaila egoera batetik abiatuta. Espezializazioaren eta sendotasunaren batura hori, zalantzarik gabe, gure ehun ekonomikoaren indargune handienetako bat da”.
“Berrinbertsioaren alde egitea giltzarria izan da gure hazkunderako eta gaur egun garena izateko. Etorkizunari begira, bide beretik jarraitu nahi dugu”
Xabier Errasti. Ezarri enpresako zuzendari nagusia
Xabier Errasti Ezarri enpresako zuzendari nagusiak adierazi du Ezarri-n “beira birziklatuko mosaikoaren sektorean lider izatea” lortu dutela jabetzaren eta, batez ere, haien talde osoaren ahaleginari esker. “Berrinbertsioaren alde egitea giltzarria izan da gure hazkunderako eta gaur egun garena izateko. Etorkizunari begira, bide beretik jarraitu nahi dugu, baina aurrean ditugun erronkei heltzeko, funtsezkoa izango da erakundeen eta inguruko eragileen babesa izatea”.
Gipuzkoako Foru Aldundia enpresei laguntzeko “betidanik izan duen konpromisoan berretsi” da, “batez ere espezializazioa, berrikuntza eta nazioarteko proiekzioa oinarritzat hartuta lurraldea nazioarteko merkatuko industria erreferente gisa kokatzen laguntzen dutenei”.













