Iruñeko erailketa matxista salatzeko elkarretaratzeak deitu ditu Itaiak
Beasainen gaur egingo dute, eta Legazpin ostegunean.
Itaiak deitutako elkarretaratzea Beasainen, artxiboko irudian.Itaia Itaiak elkarretaratzeak deitu ditu Goierrin ere, Iruñeko azken erailketa matxista salatzeko. Atzo 37 urteko emakume bat hil zen etxe bateko hirugarren pisutik erorita. Gizon bat atxilotu dute, emakumearengandik urruntze agindua urratzeagatik.
Instituzioen babes neurrien mugak seinalatu ditu Itaiak, eta emakumeen aurkako indarkeria larriagotu dela salatu du: “Azken hamar egunetan bi emakume izan dira erailak eta erailketa saiakera bat izan da Euskal Herrian”. Hilaren 3an Basaurin gizon bat atxilotu zuen Ertzaintzak emakume bat hiltzea egotzita; biharamunean aske utzi zuen Bilboko Guardiako Epaitegiak, eta atzo gizona espetxeratu zuten indarkeriaz egindako lapurreta bat egotzita. Joan den astelehenean, berriz, Ertzaintzak 48 urteko gizonezko bat atxilotu zuen Berrizen, labana batekin bikotekidea hiltzen saiatzeagatik.
Horregatik, matxismoa ukatzen duten diskurtso erreakzionarioei “aurre egiteko beharra” azpimarratu du, batetik, eta matxismoaren aurkako borrokara batzeko eta erailketaren aurka kaleak hartzeko deia zabaldu du, bestetik, “eraso orori aurre eginez, erasotuak izan diren emakumeei beren bizitzekin jarraitzeko kalitatezko bizi baldintzen alde eginez, erasotzaileen inpunitatearen aurka borrokatuz, gero eta jende gehiago indarkeria matxistaren aurka posizionatu dadin”.
Hiriburuetan mobilizazioak deitu ditu, gaurko Iruñean (18:30ean udaletxe plazan), Donostian (18:30ean Boulevarden), Bilbon (19:00etan Areatzan) eta Gasteizen (18:30ean Correos plazan), eta asteazkenerako Baionan (18:30ean Merkatu Plazan).
Goierrin ere egin dituzte deialdiak. Beasainen gaur izango da elkarretaratzea, 19:00etan Bideluze plazan, eta ostegunean, apirilaren 16an, 19:00etan Paso Txominen.













