Parketarrak egitasmoaren bosgarren aldia
Udaberriko saioak apirilaren 15ean, 22an eta 29an eta maiatzaren 6an izango dira.
Parketarrak egitasmoak euskaraz jolasteko aukera dakar berriz ere. Bosgarren aldiz antolatu dute udalak eta Hezten elkarteak Beasainen, kalean eta parkeetan euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin.
Udaberrian eta udazkenean antolatzen den egitasmoa da, eta aisialdiko espazio publikoetan euskaraz jolasteko aukerak sortzea du ardatz. Udaberriko saioak apirilaren 15ean, 22an eta 29an eta maiatzaren 6an izango dira.
Helburu nagusia familia eta haurren hizkuntza ohituretan eragitea da, udalak azaldu duenez, euskarazko jolasak proposatuz eta familiek elkarrekin parte hartuz. “Eskolaz kanpoko testuinguruan euskaraz aritzeko aukerak sortzea funtsezkoa da, eta Parketarrak egitasmoak espazio informala eskaintzen du horretarako. Jolasen bidez, familia eta lagunen arteko harremanak indartu, ondo pasatu eta euskarazko jolasen transmisioa sustatzen da, hizkuntza erabilera modu atsegin eta natural batean txertatuz”.
Bi bloke, bi ordutegi
Saioak adin tarteen arabera egokitzen dituzte, bi bloketan banatuta, Hezten elkarteko dinamizatzaileen gidaritzapean. Batetik, Zabu Zibu izenekoak 3 eta 5 urte arteko haurrak dituzten familiei zuzendutako saioak dira, eta 16:45etik 17:45era egingo dira; eta bestetik, Txirrintxon saioetan 6 eta 9 urte arteko haurrentzako jolas dinamikoak egingo dituzte, 17:45etik 18:45era.
2025ean, iaz, udaberriko eta udazkeneko saioak batuta, 187 haurrek eta 34 helduk parte hartu zuten. Udalak herriko familiak gonbidatu ditu parte hartzera, “parkeak aisialdi euskaldunaren gune aktibo bihurtzen jarraitzeko”.













