Txirrindulari goierritarrek ahaztuko ez duten Itzulia
Ion Izagirrek laugarren postuan amaitu du Itzulia. Alex Aranburuk garaipena lortu zuen laugarren etapan. Nicolas Alustizak eta Gari Ugartek lehenengoz hartu dute parte Itzulian.
Alex Aranburu Cofidis taldeko txirrindulari ezkiotarra Galdakaon, helmuga gurutzatu aurretxoan. EFE Aurtengo Itzuliak une gogoangarri asko utzi ditu, baita azpimarratzeko hainbat protagonista ere, txirrindulari goierritarren jarduna, esaterako. Ion Izagirreri podiumak ia azken unean ihes egin badio ere, laugarren postu estimatua poltsikoratu du, beretzat azkena izan den Itzulian. Alex Aranburuk ere, laugarren etapa irabazi zuen Galdakaon (Bizkaia), azken kilometroetan igoera bikaina eginda. Ezkiotarrak Itzulian irabazi duen hirugarren etapa izan da. Cofidis taldeko bi txirrindulariekin batera, beste bi goierritar estrainekoz aritu dira Euskal Herriko lasterketa estimatuan Euskaltel-Euskadirekin: Nikolas Alustiza zumarragarra eta Gari Ugarte legazpiarra.
Decathlon taldeko Paul Seixas txirrindulari frantziarra izan da Itzulia honetako izar nagusia, lasterketan garaipen eztabaidaezina lortuta. Florian Lipowitz (Red Bull-Bora) eta Tobias Halland Johannessenek (Uno-X Mobility) osatu dute podiuma. Izagirrek laugarren postuan amaitu du, podiumean sartzeko aukerak izan dituen arren. Ormaiztegiarra pozik egoteko moduan da dena den. Apirilaren hasieran Lizarran (Nafarroa) jokatu zen Miguel Indurain Saria irabazita —hirugarren aldiz irabazi du— joan zen Itzulira. «Hasieran penarekin, podiumetik kanpo geratu naizelako, baina hotzean aztertuta Itzulia hasi aurretik sinatuko genukeen emaitza izan da; Aranbururen etapa garaipena eta laugarren postua sailkapen nagusian. Pozik egoteko Itzulia egin dugula uste dut», zioen lasterketa amaituta.
Itzulia, berezia
Ormaiztegiko txirrindulariak erretiroa hartuko du denboraldi honen amaieran, 17 urteko ibilbide profesionalaren ostean. Azkeneko aldiz lehiatu du lasterketa, eta asko eman diola onartu du: «Itzulia beti egon da nire lasterketa kuttunen artean. Txirrindulari bezala asko eman dit eta zortekoa naiz azkenekoa 4. postuan amaituta».
Alex Aranburuk ere nekez ahaztuko du aurtengoa. Lasterketa hasieran «kosta» egin zitzaiola onartu du, «lehenego eguna ez zen niretzako ona izan», esan du, baina laugarren etapan egoera irauli eta gailentzea lortu zuen, Galdakaoko helmugara iritsi aurreko azken mendateak eta bereziki azken jaitsiera ederki kudeatuta: «Etapa oso gogorra izan da. Bakarrik joaten saiatu naiz baina ezinezkoa izan da», esan zuen etapa irabazi berritan. Ihesean nagusitu zen Aranburu Galdakaoko helmugan, Johannessen eta Scaroni gaindituta.
Alex Aranburuk dagoeneko hiru etapa lortu ditu Itzulian. Lehena 2021ean lortu zuen, eta hurrengoa, iaz, Beasainen. Iazkoa nahi bezala ez zuen ospatzerik izan, hasieran kendu egin baitzioten garaipena. Aurten, familiarekin eta lagunekin ospatu zuen garaipen handia: «Beti da berezia etxean irabaztea».
Herbereetako Amstel Gold Race klasikoa da Cofidis taldeko bi txirrindularien hurrengo hitzordua, datorren igandean.













