Udaberria transloratzen eta gizartea eraldatzen
Seigarren 'Udaberria Transloratzen, Ordizia Transformatze'n zikloari ekingo diote asteazkenean Ordizian. Gizarteratzea eta sentsibilizatzea du helburu.
Ainhoa Jimenez, Adur Ezenarro eta Kristina Altuna, gaur goizeko aurkezpenean. Izaro Villarreal Seigarrenez jarraian Udaberria Transloratzen, Ordizia Transformatzen zikloari ekingo diote aste honetan Ordizian, LGTBI+ kolektiboaren errealitatea ezagutarazi eta LGTBIfobiaren aurkako kontzientzia zabaltzeko helburuarekin.
Adur Ezenarro Ordiziako alkateak azaldu duenez, Zinegoak zinema jaialdiaren eta Ondarroan bere buruaz beste egin zuen Ekai Lertxundi gaztearen harira abiarazitako ekimena izan zen, eta gaur-gaurkoz ere horiek gogorarazi ditu: “Zisheteropatriarkatutik at geratzen diren errealitate disidente denak leku bat izan zezaten abiarazi genuen zikloa, eta horretan jarraitzen dugu”.
Gizartea sentiberatze lanean eta auzi horretan sakondu nahian, adin ezberdinetako herritarrentzako ekitaldiak antolatu dituzte azken bost urteetan, eta oraingoan ere horri helduko diotela dio: ikus entzunezkoak, arte eszenikoetako ekimenak, liburu aurkezpenak, hitzaldiak…
Ostiralean izango da kanpora begirako aurreneko ekitaldia, baina aurrez ikastetxeetan emango diote irekiera, DBHko ikasleei kontzientziazioan sakontzeko tailerrak eskainita. Asteazkenean izango da, eta horren ondotik, larunbatean segiko du ekitaldi sortak. Maiatzera arte luzatuko dira ekitaldiak.
EGITARAUA
- Apirilak 17: Eros eta Afroditaren aitortzak (Elur Etxea) antzerkia, 20:30ean, Herri Antzokian.
- Maiatzak 6: Berdindu orientazio zerbitzua, goiz eta arratsaldez (10:00-13:00/16:00-19:00), Barrenan. Aurretiazko txanda hartu beharko da, berdindu.gipuzkoa@euskadi.eus helbidera idatzita edo 688 765 865 zenbakira whatsappa bidalita.
- Maiatzak 4-14: Itsaspeko Bihotzak erakusketa didaktikoa (Galtzagorri elkartea), Barrenan. Saio ezberdinak: ikasleentzako saioak goizez, 8-11 eta 12-14 urte bitartekoentzat, eta saio irekia, berriz, maiatzaren 14ean, 5-8 urte bitarteko haurrak dituzten familientzat (25 pertsona).
- Maiatzak 7: Zinegoak, 18:30ean, Herri Antzokian.
- Maiatzak 28: ‘Marimutila naiz eta zer?’ liburu aurkezpena 17:30ean Barrenan. 6 urtetik gorakoentzat. Ikastetxeetan ere tailerrak eskainiko dira.













