Urik gabe daude Garagartzako bizilagunak
Etxebizitza batzuetara itzultzea zailtzen ari da; urik gabe daude. Ilunpe tabernak jasan ditu kalterik handienak.
Larunbatean izandako suteak ondorio nabarmenak utzi ditu Ordiziako Garagartza plazako 1. zenbakiko eraikineko zenbat etxebizitzetan eta Ilunpe tabernan. Egoera ez da guztiz normalizatu, etxebizitzetara itzulera kostatzen ari da, kalteak zenbatzen ari dira oraindik, eta ezbeharraren sorburua zein izan zen aztertzen ari dira.
Ezbeharraren aurreneko zantzuak larunbat arratsaldean nozitu zituzten bertako bizilagunek, 17:00ak aldera. Ez dago oraindik zehaztasun handirik, baina antza, Ezenarrok aipatuta, tximinian sortutako konbustio batek eragin zuen kea. Sugarrik ez zen ikusi, baina keak bidea aurkitu zuen inguruko konduktu eta hodietatik, eta berehala zabaldu zen eskailera zulora eta etxebizitzetara. Egoera ikusita, suhiltzaileek bertako bizilagunak ebakuatu zituzten, eta hamalau bat bizilagunek gaua etxetik kanpo igaro behar izan zuten; batzuk familia eta lagunen etxeetan eta beste batzuk udalak erraztutako alojamenduan.
Igandean bertan, suhiltzaileek larunbatean ezarritako debekua altxatu zuten, eta familiek beren etxebizitzetara itzultzeko baimena izan dute. Itzulera horretan, egoera ezberdinak topatu dituztela dio Ezenarrok: “Etxebizitza gehienetan arazo larririk gertatu ez den arren, badira keak dezente zikindu dituen etxebizitzak ere, eta horietara itzulera kostatu egingo da”.
Kalterik handienak Ilunpen
Suteak eragindako tenperatura altuek bestelako arazoak ere sortu dituztela azpimarratu du, bereziki ur hornidurako eta saneamenduko hoditerian. Kalterik handiena Ilunpe tabernak jasan du, ur hodi baten hausturak ur-jario handia eragin baitzuen. Zenbait tokietan ur-zikinak agertu zirela ere azpimarratu du Ezenarrok, eta horregatik ur pasabideak itxi behar izan zituztela. Une honetan, ziurtatu du badirela oraindik urik gabe dauden etxebizitzak, bai eta saneamendu-zerbitzua etenda dutenak ere. Iturginak etxebizitza guztiak banan-banan aztertzen ari dira.
Ez dago argi noiz konponduko diren arazo guztiak, eta egoerak luzera jotzen badu, beste irtenbide batzuk bilatu beharko direla ohartarazi du Ezenarrok.
Ilunpe tabernako kalte materialak, iruditan. Argazkilaria: Izaro Villarreal














