Zaintzaren inguruko hitzaldi zikloa antolatu du udalak
Olaia Arana gizarte langileak emango ditu hitzaldiak, udaletxeko batzar areto nagusian. Euskarazko lehena bihar da, norberaren ongizate fisiko, emozional eta sozialaren inguruan.
Bi adineko Beasainen, artxiboko irudian.Ariane Vierbücher Beasaingo Udalak Hitz egin dezagun gure zaintzaz izeneko hitzaldi zikloa antolatu du. Doako saioak izango dira, eta herritar guztiei irekita daude. Ez da izena eman behar. Helburua “herritarrei etorkizuneko zaintzak aurreikusten laguntzea, informazioa eskaintzea eta erabakiak modu kontzienteak eta partekatuan hartzeko tresnak ematea” da.
Guztira zortzi saio izango dira, launa euskaraz eta gaztelaniaz, gai beraren inguruan baina hizkuntza eta data ezberdinetan, denak udaletxeko batzar areto nagusian, 17:30etik 19:30era.
Olaia Arana gizarte langile eta zaintzaren etikan adituak emango ditu. Euskarazko lehena bihar izango da (apirilak 14), Zaintza pertsonalak: zaintzak ez dira inprobisatzen izenburupean. Norberaren ongizate fisiko, emozional eta sozialari buruz eta etorkizuneko zaintza ereduari buruz hausnartzeko saioa izango da.
Bigarren saioak Zaintza medikuak: aurretiazko borondateen agiria du izena. Apirilaren 21ean emango da (gaztelaniaz hilaren 20an). Osasunarekin eta bizitzaren amaierarekin lotutako erabakiak, aurretiazko borondateak eta heriotzan laguntzeko prestazioari buruzko informazioa eskainiko da.
Hirugarren saioa zaintza administratiboen ingurukoa izango da, apirilaren 28an (gaztelaniaz hilaren 26an), eta laugarrena eta azkena herentzien, ondare-plangintzaren eta mendekotasun egoeretan dauden baliabide sozial eta ekonomikoen ingurukoa, maiatzaren 4an (gaztelaniaz ekainaren 2an).













