Genero ikuspegitik hirigintza eredua aztertuko du udalak Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko ikertzaile talde batekin
Online galdetegi bat aktibatu du, herritarrek auzoetako mugikortasun beharrak eta segurtasun pertzepzioa identifikatu ditzaten.
Beasaingo ikuspegi orokorra.Beasaingo Udala Beasaingo Udalak genero ikuspegitik hirigintza eredua aztertuko du Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko ikertzaile talde batekin elkarlanean. Genero-ikuspegidun ibilbide eta espazio seguru eta irisgarriak izena du proiektuak, eta udalak azaldu duenez “ohiko hiri-eredua kritikoki aztertzea” du xede.
Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko ikerketa taldearen esku egongo da proiektua. Zuzendari kideak Patxi Lamiquiz irakasle eta mugikortasunean eta espazio publikoan aditua eta Sonia de Gregorio irakasle eta genero-hirigintzan aditua dira.
Hirigintza tradizionala gizonezko heldu eta produktiboaren ikuspegitik diseinatu izan dela eta horrek ez dituela hiriaren erabilerak islatzen azaldu du udalak: “Horri aurre egiteko, proiektu honek ‘zaintza-mugikortasuna’ kontzeptua txertatzen du, etxeko lanei, adingabeen edo adinekoen zaintzari eta familia-kudeaketari lotutako eguneroko joan-etorriak ikusaraziz; zeregin horiek, gehienetan, emakumeek egiten baitituzte”.
Proiektuaren bidez herritarren autonomia, bizitasuna eta ekitatea erraztuko duen hiri-ingurunea diseinatzea da helburua. Espazio-analisi tresna aurreratuak eta zuzeneko diagnosi soziala uztartuko dituzte, gune kritikoak atzemateko, “hau da, argiztapen eskasagatik, arkitektura-trabekin edo espazioaren diseinuagatik segurtasunik eza edo beldurra eragiten duten txokoak”.
Hamasei asteko garapena
Online galdetegi bat aktibatu du udalak, herritarrek auzoetako mugikortasun beharrak eta segurtasun pertzepzioa identifikatu ditzaten. Beasaindar guztiak gonbidatu ditu udalak aktiboki parte hartzera: “Beasainen egiten dituzten ohiko ibilbideak marraztu eta irisgarritasunari zein segurtasunari buruz dituzten iritziak adierazi ahal izango dituzte. Guztion artean jasotako datuak ezinbestekoak izango dira talde teknikoak herritar guztien onerako izango diren hirigintza-hobekuntzak diseinatu ditzan”, dei egin du.
Proiektua hamasei astetan garatuko dute. Galdetegiaz gain, landa laneko ebaluazio tekniko objektiboa jasotzen du proiektuak, eta herriko emakumeekin eta hainbat elkarterekin saio eta ezagutza ibilaldiak antolatuko dituzte Beasaingo kaleetan bizitako esperientziak mapan jasotzeko.












