Itsasondoko udalekuetarako izen ematea, zabalik
Ostirala izango da, hilaren 29a, udaletxean izena eman eta dokumentazio guztia aurkezteko azken eguna.
Itsasondoko Udalak dagoeneko zabaldu du udaleku irekietan izena emateko epea; ostirala izango da, hilaren 29a, udaletxean izena eman eta dokumentazio guztia aurkezteko azken eguna.
Itsasondoko udalekuak aurten ekainaren 22tik uztailaren 17ra bitartean gauzatuko dira, hiru orduz, 10:00etatik 13:00etara. 5 eta 12 urte bitarteko haurrentzat bideratuta egongo dira –2014 eta 2021ean jaiotakoak–. Gurasoek nahiko balute, zaintza aukera ere egongo litzateke udalekua hasi baino ordubete lehenago, goizeko 09:00etatik 10:00etara bitartean, hain zuzen.
Tarifei dagokienez ere, prezio ezberdinak izango dira: Itsasondon erroldatuta dauden haurren familiek 120 euro ordaindu beharko dituzte, eta udalerrian erroldatuta ez daudenen familiek, berriz, 155 euro. Ordainketa kontu honetan egin beharko da: ES50 2095 4408 52 1060024675 haurraren izen-abizenak eta ‘uda kanpaina 2026’ adierazita.
Udalaren web orrian eskegita jarri duten galdetegian aurkitu ahal izango da informazio guztia, www.itsasondo.eus webgunean, eta hori bete beharko dute familiek, haurraren izen-abizenak, jaioteguna, gurasoen izen-abizenak, zerbitzu motza… eta beste zenbait datu adierazita.












