Markak hausten dabilen ordiziarra
Gaztea den arren, lorpen handiak eskuratzen ari da Irene Basarte (Ordizia, 2009). Azkena, 4x400 errelebo mistoan Espainiar estatuko markarik onena izan da, 18 urtez azpiko kategorian.
Irene Basarte Espainiako Selekzioarekin, Badajozen. Hitza Atletismoa egin izan du beti Irene Basarte ordiziarrak. 11 urterekin hasi zen kirola praktikatzen, Txindokiko taldean, eta hasiera batean modalitate ezberdinetan aritzen zen arren, orain bizpahiru urte federatu zenetik hesiak egin izan ditu. Geroztik marka pertsonal ikaragarriak lortu ditu korrikalari gazteak, eta azkenerako iritsi zaio urteetako lanaren ordaina: 4×400 errelebo mistoan Espainia markarik onena ezarri zuen joan den asteburuan, 18 urtez azpiko kategorian.
«Oso pozik nago lortutakoarekin; ez bakarrik Espainiako errekorra lortzeaz, baizik eta asteburu osoan zehar pilatutako esperientzia baliotsuaz»
Villafranca de los Barrosen izan zen ordiziarra, Badajozen, eta beste hiru korrikalariekin batera lortu zuen 2022tik ezarrita zegoen marka ontzea; Kataluniako selekzioak zuen aurrez ezarritako denborarik onena –03:30:31– eta hori hobetzea lortu dute, 03:27:74 denbora eginda. Basartek aitortu du egindakoarekin asebeteta itzuli dela etxera: «Oso pozik nago lortutakoarekin; ez bakarrik Espainiako errekorra lortzeaz, baizik eta asteburu osoan zehar pilatutako esperientzia baliotsuaz».
Aurrenekoz internazionalki
Nazioarte mailan lehiatu den aurreneko aldia izan da; orain bi aste jaso zuen Espainiako selekzioaren deia eta aste berean jakin zuen asteburuan Badajozen izango zela. Aurretik ere bazuen txapelketa horren berri, baina ez zuen uste bertan egoteko aukera izan zezakeenik. «Aukera paregabea» izan dela azaldu du: «Sekulako erakusleihoa da, entrenatzaile eta selekzionatzaile ugari elkartzen dira bertan, eta ateak erabat zabaltzen dizkizu».
Hala ere, lehiatzeko gogoa beste urduritasun zuela esan du ordiziar gazteak. Urduritasuna, azken unera arte ez zekielako erreleboka ala bakarka arituko zen. «Erreleboka aritzen zarenean ez daukazu indibidualki lehiatzerakoan duzun besteko presiorik», dio Basartek.
«Nahiko ondo aprobetxatzen dut ikasteko dudan denbora eta denera iristeko adina ematen dit, nahiz eta azterketa garaietan ere zenbait estutasun igarotzen dudan».
Gutxiagotik gehiagora joan izanaren sentipena du ordiziarrak aurtengo denboraldian. Hasieran ez zen marka pertsonal onak eskuratzen hasi, baina gutxika-gutxika egoerari buelta emanaz joan zen, martxoan 400 metroetan Euskadiko errekorra ezartzea lortu zuen arte. Donostiako Belodromoan jokatutako Short Track txapelketan lortu zuen hori, 56,64ko marka eginda. Gainera, Gipuzkoako txapeldun ere izan zen bere kategorian. Geroztik, erritmo onean aritu da lanean eta horren guztiaren ondotik lortu du azken lorpen hau.
Ikasketak eta kirola
Lehiaketa garaiaren arabera gehiago edo gutxiago entrenatzen duela jakinarazi du; lehiaketa garaietan astean sei aldiz aritzen da, eta bestela, lauzpabostean. Basartek dio oro har ondo daramala goi mailako kirola eta ikasketak bateratzearen kontua: «Nahiko ondo aprobetxatzen dut ikasteko dudan denbora eta denera iristeko adina ematen dit, nahiz eta azterketa garaietan ere zenbait estutasun igarotzen dudan».
Maila altuari eutsita
Orain 400 hesietan aurreko urteko marka jaitsita Espainiako txapelketan postu ona lortzea eta uztailean Italian egingo diren 18 urtez azpiko mailako Europako txapelketarako gutxienekoa lortzen saiatzea ditu helburu. Azken hori lortzea «zaila» ikusten du, «soilik bi korrikalarik dutelako joateko aukera».
Datorren urteari begira ere kategoriaz igoko dela azaldu du. 18 urte egingo ditu eta beraz, 20 urtez azpiko mailan lehiatuko da, 2008an jaiotakoekin. Maila askoz ere altuagoa izango dela azaldu du, baina barruan duen onena ematen ahaleginduko dela dio.

Erreleboka arituta, errekor berria ezartzea lortu duen taldea.












