Moana Ordizia taldeko gimnastek denboraldia borobildu dute Gipuzkoako Txapelketan
Klubaren aurreneko denboraldia izan da Moana izenpean, eta sekulako estreinaldia egin dute. Euskadiko Txapelketarako txartela ere lortu dute zenbait taldek.
Moana Ordizia klubeko gimnastak. Moana Joan den asteburuetan Ordiziako Moana taldeko gimnastek Gipuzkoako Txapelketan parte hartu dute; klubaren aurreneko denboraldia izan da Moana izenpean, eta estreinaldia ezin hobeto borobildu dute bukaerarako. Egindako lanari esker, talde guztiek lortu zuten finalerako sailkapena, eta talde ugarik lortu zuten, era berean, Euskadiko txapelketarako txartela.
Amateur mailan, bi talde lehiatu dira, kadete eta jubenil bana, eta biek lortu dute Euskadiko Txapelketarako sailkapena. B mailako kadeteak (Naroa, mara, Irati, Uxue eta Naira) Gipuzkoako txapeldunorde izan dira, bai eta A mailako jubenilak ere (Maren, Maddi, Eneritz, Nora, Nerea eta Lucia).
Eskolar mailan lehiatu diren alebin eta infantiletako bi taldek, berriz, Euskadiko Joko Eskolarretarako txartela ziurtatu dute: B mailako alebinek (Aiora, Elene, Maddi, Ane, Carla eta Blanca) zortzigarren postua eskuratuta lortu dute pasea eta A mailako infantilek, berriz, (Irati, Uxue, Deiane, Maelie eta Itxaro) bigarren postua eskuratuta. C mailako alebinek, azkenik, zilarrezko domina zintzilikatzea lortu dute (Anne, Iera, Lucia, Arianna, Ane eta Leire).
Urte amaierako emanaldia, Tolosan
Egindako lana aitortu eta ikasturteari agur esateko, ekainaren 19an urte amaierako emanaldia eskainiko dutela aurreratu du klubak. 19:00etarako egin dute hitzordua, Tolosako Usabal kiroldegian. Bide batez, datorren ikasturterako izen-ematea ere zabalik dela gogoratu du. Parte hartu nahi dutenek grmoanaordizia@gmail.com helbidera idatzi dezakete.
Hemen taldeen argazki batzuk:














