Corpus eguna ospatuko dute legorretarrek ekainaren 6an
Goizean krosa izango da, eta ekainaren 5a baino lehen eman behar da izena. Usadiozko meriendetarako materiala eskatzeko epea ere zabaldu du udalak, ekainaren 3ra arte.
Ekainaren 6an ospatuko dute legorretarrek Corpus eguna, eta dagoeneko haren prestaketetan murgildu dira herritarrak. Ohi moduan, eguna kirola eginez hasiko dute, haurren eta helduen XVLI. krosa izango baita.
Haurren proba 10:30ean hasiko da eta adinaren araberako distantzia osatu beharko dute korrika, benjamin (2017-2018), alebin (2015-2016), infantil (2012-2014) eta kadete (2010-2011) mailetan banatuta.
Helduen krosa, berriz, ordubete beranduago hasiko da, 11:30ean. 7,5 kilometroko proba da (hiru itzuli). Doakoa izango da, baina beharrezkoa izango da aurrez izena ematea. Ekainaren 5a bitartean, www.kirolprobak.com webgunean egin daiteke eta egunean bertan, 11:00ak arte, plazan bertan. Sari banaketa ekitaldiarekin amaituko dute goiza.
Meriendarako materialaren eskaria
Iluntzean, usadiozko meriendak egingo dituzte plazan, eta udalak ere dagoeneko zabaldu du horri begira mahaiak eta aulkiak eskatzeko epea. Udalaren web orrian eskegi duten galdetegia bete beharko dute interesdunek, bakoitzetik zenbat nahi diren adierazita. Ekainaren 3a izango da galdetegia betetzeko azken eguna. Presentzialki egin nahi duenak ere izango du udaletxean galdetegia eskatzeko aukera.
Eskarian sartutako materiala Corpus egunaren bezperan jaso beharko dela jakinarazi du udalak. Ostiralean, 20:00etatik 21:00etara, udalaren almazenean. Bueltatu, aldiz, larunbatean bertan, 23:30etik 00:30era. Mahai bakoitzeko bost euro ordaindu beharko dela ere gogoratu du, eta euro bat, berriz, aulki bakoitzeko. Ordainketa materiala batzerakoan egingo da, eskudirutan.












