
Urretxuko eta Zumarragako Udal Euskaltegiaren Mintzalaguna egitasmoa martxan dago, eta asteko 50 lagun inguru elkartzen dira euskaraz aritzeko. Egitasmo honetan parte hartu nahi dutenak, oraindik garaiz daude. Izena emateko, 943 72 33 10 edo 628 81 10 62 telefono zenbakira deitu behar da edo marijo@uzue.net helbidera mezua bidali. Mintzalaguna egitasmoaren helburua herritarrei euskaraz hitz egiteko aukera ematea da, eta talde bakoitzean gidari bat eta bizpahiru mintzalagun elkartzen dira, astean behin, ordu beteko saioan.

http://youtu.be/OpEkcJHhVck Urretxu eta Zumarragako gazteek sortutako KKinZona komunikazio proiektuak 10 urte bete ditu. 2004an argitaratu zuten aurreneko fanzinea, eta irrati librea sortzea izan zen hurrengo pausoa. Aurten, gainera, FM-ko 98.0-an emititzen hasi zireneko bosgarren urteurrena ere beteko dute. Irratiaz gain, webgunea ere badute. Proiektuaren bultzatzaileek, urte hauetako errepasoa egin dute, Gotzon Aranburuk bideoan jasotako erreportaje honetan.

Bihar beteko dira 10 urte Euskaldunon Egunkaria itxiarazi zutenetik, euskara eta euskal prentsa ixilarazten saiatu zirenetik. Harekin batera etorri ziren atxiloketak eta epaiketak, baina baita hutsetik hasi beharra eta herri oso baten elkartasuna ere. Guardia Zibila Martin Ugalde kultur parkera sartu zen egunetik gaur arteko errepasoa egin dute Egunkariako langile izan ziren eta egun Berrian ari diren lau goierritarrek: Gorka Erostarbe, Analia Garcia, Enekoitz Telleria eta Nagore Etxeberria dira.



