Nazioen Munduak aurretik iragarri zuen berebiziko garrantzia zuela larunbatean Larraitzen egin zuten Autodeterminazioa: gero eta argiago ekimena ondo ateratzeak. Eduki zuen erantzunarekin, aniztasunarekin eta partaidetzarekin —1.300 bat pertsona— helburua betetzat eman dute: erabakitze eskubidearen aldeko aldarria gizartearen luze-zabalera hedatzea, eta herritar xeheek mezua bere egitea. Ordu eta erdi pasatxo iraun zuen pertsona-taldeekin autodeterminazioaren aldeko irudi handiak zelaian osatzeko ideia gorpuzteak, zapatu goizean. Goierritarrak ziren gehienak, baita Tolosaldetik, Arrasate aldetik nahiz Ipar Euskal Herritik etorritako koadrilak eta lagunak ere. Milatik gora asko bertaratu zen mosaiko erraldoia osatzeko aletxoa jartzera. «Jende ezezaguna» nahi zuten antolatzaileek, norbanako anonimoak, eta egin nahi zituzten ikur, mezu eta irudi guztiak gauzatzea lortu zuten, kartulina koloredunak erabilita. Hogei edo hogeita hamar laguneko taldeetan bereizi zituzten herritarrak, baikoitzaren gidari artzain bana hartuta eta egitekoa zehaztuta. Urko Ruiz de Apodakak egin zituen speaker lanak, goiza girotuz eta mugimenduak koordinatzeko aginduak emanez. Hiru urratsetan mezu bakarra Zerutik urrutitik ikus zitekeen lehenengo irudiak Euskal Herriko mapa, goian Autodeterminazioa hitza letra larriz, eta gutunazal bat izan ziren. Behin hiru osagaiak zelaian zirela, eta ekimenari dinamismo berritzailea emanez, gutunazala maparen gainaldera mugitu zen; bien bitartean, mapa hautesontzi bihurtu zen, ehunka lagunen pausaje zehatzekin. Gutunazala (botoa) ontziaren barruan sartzearekin batera Selfdetermination ingelesezko hitz bilakatu [...]