30 urtez langileon baldintzak okertzen
30 urte bete dira ETTak, edo ABLEak euskaraz (Aldi Baterako Laneko Enpresak), sortu zirenetik. PSOE gobernuan zen, eta zenbait sektoreren protestak egon baziren ere, garai hartako gehiengo sindikalak (CCOO eta UGT) onartu zuen neurri bat izan zen. Zer suposatzen du, bada, langileentzat mota honetako enpresak lan merkatuan normalizatzeak? Enpresa guztiek ziklo ekonomiko berrietara egokitzea ezinbestekoa dute lehiakortasuna mantentzeko eta irabaziak bermatzeko. Noski, horiek langileon kontura lortzen dituzte irabaziak eta ETTek funtzio garrantzitsua betetzen dute hori ahalbidetzeko prozesuan.
ETTek langileak kontratatu bai, baina lana bigarren enpresa batean burutzen dute. Hasiera batean, ez dirudi horrek arazo handirik sor dezakeenik. Errealitatean, ordea, ETT bidez lanean jartzen den beharginaren egoera oso berezia da. Izan ere, lantokiko lankideen lan bera egin arren, ez ditu baldintza berberak izaten. Besteak beste, soldata baxuagoa jasotzea, opor egun gutxiago izatea, finkoa ez den ordutegia edukitzea, kotxea enpresaren parkingean uztea baimenduta ez izatea, lankideenarengandik erabat desberdintzen den arropa eraman beharra… ohikoak dira. Era berean, ezin da ahaztu zenbait enpresetan kontratatua izateko “filtro” modura jartzen dutela aurretik, enpresan bertan, denbora batez ETT bitartez lanean jardutea.
Inork pentsa dezake langile horrek baduela aukera lantokian antolatu eta bere baldintzak hobetzearen alde borrokatzeko. Errealitatean, aldiz, zailtasun ugarirekin egiten du topo. Lehenik, ETT bitartez lanean dagoen langileak ezin du lan egiten duen toki horretan antolatu; jatorrizko enpresan, hau da, bera kontratatu duen ETTan antolatu beharko luke. Horrez gain, antolatzeko zailtasunak dituzte, saiatze hutsagatik maiz kaleratuak izan ohi direlako eta azken horien zerrenda beltzak osatzen dituztelako, etorkizunean kontratatuak izateko aukerak murriztuz.
Aldi baterako lana eskaintzen duten enpresa hauen kopurua murriztu bada ere, oso presente jarraitzen dute Goierriko zenbait enpresatan. Izan ere, lan baldintza kaskarrak eta langileen diziplinamendua bermatzeko bitarteko garrantzitsuak dira enpresarientzat. Azken finean, ETT bitartez lan egiten duten langileak bigarren mailako behargin izatera pasatzen dira, enpresek irabaziak handitzen dituzten bitartean.
Egun guztiz normalizatuta dauden arren, ezinbestekoa da enpresa hauen existentzia bera salatzea eta langileon lan baldintzen alde borrokatu eta antolatzea.