Adin txiki, heroi handi
Lerro batzuk idatzi eta lau haizetara barreiatu nahi ditut. Oihuka eta deiadarka ere zabalduko nituzke hitzok, ahal banu. Plazako kioskotik, mendi tontorretik, baita sare guztietatik ere. Bandoa, Goierriko herri guztietan esango nuke, ahal banu. Punta batetik besteraino. Hori eta gehiago merezi duzuelako.
Gure etxeetako txikienak zarete, eta krisi honetako heroi handienak. Gizartean askotan zuekin ahazten gara helduok. Ia ahotsik ere ez dizuegu ematen. Erabakiak hartzen ditugunean, etxean eta herrian, gehienetan ez zaituztegu kontuan hartzen. Hor egongo ez bazinete bezala jokatzen dugu, askotan.
Egun hauetan, barra-barra ari gara helduok hizketan. Guztion osasunaz, bereziki aitona- amonenaz, medikuenaz eta erizainenaz. Etorkizunaz, bereziki ekonomiaz, enpleguaz eta egunerokotasunaz. Hezkuntzaz, bereziki ikasturteaz, selektibitateaz eta eredu berriez.
Baina oraindik inori ez diot entzun hitz bakar bat ere, zuei buruz. Edo entzun badut ere, zeharka eta bigarren planoan izan da. Zuei buruz, ia ezer ere ez. Horregatik idatzi eta barreiatu nahi ditut hitz hauek, ea Goierri aldean behinik behin, jendeak irakurtzen dituen.
16 urtez beherako adin txikikoak, nire heroiak zarete! Zuena da nire miresmen osoa. Zuena, nire maitemina. Txundituta naukazue.
Egun batetik bestera, inolako azalpenik eta egokitzapenik gabe, zuen bizimodua izoztuta utzi dizuegu. Lagunak, jolasak, ikastetxea, parkea, builak eta istiluak, irribarreak eta algarak, entrenamenduak, partikularrak, akademia, musika-eskola, kalea, goxoki- denda, neska edota mutil hori, dena izoztuta utzi dizuegu.
Egun batetik bestera, etxean sartuta, inora irteteko aukerarik gabe, egon behar duzuela agindu dizuegu. Behin agindu dizuegu. Bi aldiz agindu dizuegu. Eta hirugarren aldiz ere bai, etxean egoteko epeak luzatuta, aldi bakoitzean.
Gainera, irakaslerik eta gelarik gabe, lanean aritzeko ere eskatu dizuegu. Hezkuntza berriro asmatzen laguntzeko eskatu dizuegu. Ikasteko eta lanak egiteko modu berri bat asmatzeko lana eman dizuegu. Mundua izoztu den honetan, zuei etxetik ikasteko lana jarri dizuegu.
Eta zuek, hor ari zarete, zuen etxeetan sartuta, zintzo baino zintzoago. Bakoitzak ahal duena egiten, noski. Horixe da, lanean aritzea, ahal dena egitea.
DBHko irakaslea eta tutorea naizen aldetik, zuetako batzuekin harreman zuzena izan dut egun hauetan. Eta nirekin konpartitu dituzue hainbat bizipen. Horregatik, bi gauza esan nahi dizkizuet:
Zorionak! Inor ez bezala portatzen ari zaretelako. Adin txikia izango duzue, baina inork baino arima handiagoak dituzue.
Eskerrik asko! Adin txikikoak izan, eta babes beharra izanagatik, inork baino lan gutxiago ematen ari zaretelako.
Eta bukatzeko, adin “handikoei” esan nahi nieke, haur eta neska-mutiko zoriontsurik gabe, ez dagoela etorkizun onik. Gure zilborrari begira eta epe motzera pentsatzeko ohitura dugula, baita krisian ere. Eta ia beti, gure inguruko haurrak eta neska-mutikoak oso erraz ahazten ditugula.
Krisi honetako eztanda emozional basatiena, adin txikikoek hartu dute eta hartzen ari dira. Eta susmoa dut, zauriak eta pitzadurak ere basati direnean hasiko ote garen horiei begira. Batzuentzat, berandu izango denean.
Irakasle eta tutore naizen aldetik, mezu pertsonal bat ere zabaldu nahi nuke. Ez kezkatu hainbeste arrakala digitalaz. Edo ikasleen arteko alde sozialez. Errealitatea anitza baita, zorionez, bai ikastetxean, bai kalean eta bai etxean. Kezkatu gaitezen gehiago, arrakala emozionalaz.
Kezkatu gaitezen premiaz, batetik, muturreko egoera honek adin txikikoei eragin dizkien zauriak kudeatzeaz, bai krisiak dirauen bitartean eta bai ondoren.
Eta bestetik, ireki ditzagun begiak premiaz, adin txikiko batzuentzat ikastetxea ez delako ikasteko tokia soilik, gutxieneko oreka emozional batean bizitzeko behar duten babeslekua baizik. Eta krisi honetan hori da izoztua gelditu dena, eta IKTek eta digitalizazioak bete ezin dutena, ikastetxearen eta irakasleon funtzio afektibo edota emozionala.