Ataungo eskolari eta herriari
Ibon Zabalak Joxemiel Barandiaran eskolari eta Ataungo herriari esker onez idatzitako gutuna.
Lerro hauek idaztean jende asko datorkit burura, azken bost urteak ez baitira izan edonolakoak. Herriko eskolak ate eta leiho asko irekitzen ditu, eta horietatik bizipen ugari igaro izan dira. Jende asko ezagutzeko aukera sortzen da bat-batean: ikasleak, lankideak, familiak, herritarrak… eta horietako askorekin harremana sendotzen da, betidanik ezagutuko bagina bezala. Ez dakit zein momentutan pasatzen zaren langile soil izatetik eskolako eta herriko parte izatera. Ziurrenik ez dago momentu zehatz bat, baina prozesua poliki-poliki aberasten doa eta konturatzerako hari askok lotzen zaituzte errealitate horretara.
Eskolako lanak, lan guztiek bezala, bere egunerokotasunean murgiltzen zaitu eta sarri, ez da erraza izaten lanaren etekinak ikustea. Baina, lan honek badu bere xarma eta horietako bat zuengandik jasotako eskertza eta berotasuna da. Eskertza hori itzuli nahi dizuet eta benetan aitortu zorioneko sentitu naizela zuen artean. Plazerra izan dela Joxemiel Barandiaran eskolako parte izatea. Ataun herri txikia baina luzea da, eta zuetaz guztietaz agurtzea ezinezkoa egiten den garai honetan, lerro hauek zuentzat dira. Mila esker denagatik eta laster arte!