Baserritarrei zor zaien errespetua
Egun gutxi dira “Aralarren hausturak” izenburuarekin Jon Gorrotxategik sinatutako iritzi artikulua irakurri genuela. Horrelakoak irakurtzean, bururatzen zaidan kezka, erantzun ala entzungor egitea da.
Egun gutxi dira “Aralarren hausturak” izenburuarekin Jon Gorrotxategik sinatutako iritzi artikulua irakurri genuela. Horrelakoak irakurtzean, bururatzen zaidan kezka, erantzun ala entzungor egitea da. Erantzunez gero, txingarra hauspotzeko arriskua duzu. Ixilduz gero, bertan esandakoak arrazoi kutsua dutela onartzen dugula pentsa daiteke bestalde. Beraz, idatzian esandakoen larritasuna ikusirik, ENBAko presidente bezala eta Aralarko eremuan ditugun baserritarren izenean, uste dut erantzun beharrean nagoela.
Lehen lehenik, beste zenbaitzuk markatutako bideari jarraituz, aintzinean Aralarko goi lurrak baso itxiak zirela esaten zaigu eta gizakion partehartzeak, basoaren galera eta larretokien zabaltzea suposatu duela esaten zaigu eta gure herriko historian adituak direnen ikerketei erreparatu besterik ez dago, gauzak ez direla horrela ikusteko eta alperrikako ahalegina dela jakin arren, EHUko Álvaro Aragón irakaslearen ikerlanak irakurtzea gomendatuko nioke Gorrotxategi jaunari.
Erantzun nahi dudan artikuluan ere abereak sortzen duten gehiegizko presioa aipatzen da eta beste behin, abeltzainen kolektiboan barne sailkapenak eta sestrak sortzeko asmoz edo, abeltzain onak (artzainak) eta gaiztoak (behi eta behorzaleak) bereiztu nahi da, ahaztuz, hain gustoko duen aintzinean, Enirio-Aralarko mendian behiak eta txerriak zirela nagusi eta ardiak beranduago sartu zirela. Guk, logikoki, abere guztiak eta baserritar guztiak babesten ditugu.
Kontsenstuaren haustura dio behin eta berriro, 1994an Parke Naturala izendatzean eta 2003an lortutako akordioaren aho batasuna aipatuz, berak ondo asko dakienean, abeltzainak, hasera haseratik izan direla zokoratuak eta, arazoak eta liskarrak abeltzainok planto egin eta gure ahotsa entzun eta mendian gure lan baldintzak hobetzeko urratsak eman direnean hasi direla. Ordurarte, urteak joan eta urteak etorri, mendian ezer gutxi egin denean, Gorrotxategi eta bere iritzi berekoak pozik, abeltzainok ernegatuta.
Hala ere, aurrekari hauezaz gain, guretzako benetan larria baserritarren jokabide eta portaeraren aurka botatako salaketak eta irainak dira. Gorrotxategik “abeltzainen indarkeria jarrera, guztiona den lurra bere baliltz bezala jokatu, mehatxu, deskalifikazio eta jarrera mafiosoak” aipatzen dituenean ondo asko daki gezurretan ari dela, abeltzainok, gehienez, berak langilegoarentzat aldarrikatu eta babesten duen manifestazio eta protesta eskubideaz baliatu besterik ez dugula egin. Agian, bere hitz larri, iraingarri eta potoloak erabiltzean bere ibilbide politikoan zehar (Beasaingo zinegotzia eta Batasunako Mahai Nazionaleko kidea) egindakoa etorriko zaizkio gogora, indarkeriaz, mehatxu eta jokabide mafiosoak ez baitira arrotzak berarentzat.
Gorrotxategiren idatziari erreparatuz gero, abeltzainak gure arima eta duintasuna saldu egin dugu, PNVrekin izandako balizko eta ezkutuko akordioen bitartez eta hori, guztiz onartezina izateaz gain, gezurra da. Agian, berak ordezkatzen duen indar politikoak azaldu beharko lieke Enirio-Aralarko Mankomunitatea osatzen duten 15 herrietako baserritarrei zergatik ez dituen babesten, zergatik eman dien bizkarra eta mendiaren etorkizuna irudikatzean, zergatik lehenesten dituen beste kolektibo batzuen interesak eta ez, baserritarrenak.
Abeltzainok, argi dugu, abereak mendira igoz, mendia eta bere baliabideak modu jasangarrian kudeatuz, aziendarentzako onuraz gain, gizarte osoaren onerako ari garela lanean, hainbeste maite duten mendiak, larretokiak eta basoak zainduz. Gizartearen babesa eta eskerrona sentitzen dugu egunero, bai hitzez bai bere erosketa hautuekin (gazta, okela, esnea,…). Beraz, lekuz kanpoko ostikadatzat hartu beharko dugu, gure elikagaientzat balizko Boikota planteatzea.
Baserritarrok, amaitzeko, lan eta bizi baldintzak duinak lortzeko lanegiten dugu eta ENBAtik ez diogu inori onartuko, baserritarrari zor zaion errespetua galtzea.
– Iñaki Goenaga San Sebastian (Gipuzkoako ENBAko presidentea)